Oria eta Araxes ibaiak garbitzen ari dira

Oria ibaian egindako garbiketa bateko artxibo-irudia.

Gureak enpresa arduratuko da garbiketaz datozen asteetan; Andre Maria elizaren atzeko ibai eremura joateko sortu den ohitura dela eta, ingurua zaintzeko eskatu die udalak erabiltzaileei.

Aste honetan Oria eta Araxes ibaiak garbitzen hasi dira; ibaietan eta horien inguruan pilatutako hondakinak jasotzen ariko dira datozen asteetan Gureak enpresako langileak.

Bestalde, eta gaiari lotuta, Andre Maria elizaren atzeko ibai eremua zaintzeko eskatu die udalak hara joaten direnei. «Harrizko hondartza bat dago Armeria plazako eskailerak jaitsita, eta hara joateko ohitura sortu da azkenaldian. Horregatik, eta zaborra pilatu denez, kartel bat jarri dugu arazoari buruz ohartarazteko», esan du udalak. «Ingurumenak eta elkarbizitzak behar duten begiruneagatik, herria ahalik eta txukunen zaintzea eskatzen diegu bisitariei eta herritarrei», gaineratu du.

Armeria plazatik Oria ibaira jaisteko eskaileratan jarri duten kartela. Argazkia: Tolosako Udala.

Gaikako bilketak behera

Tolosaldeko Mankomunitateak birziklapenaren inguruan Tolosan atera dituen azken datuen arabera, gaikako bilketak behera egin du azken bost urteotan. Organikoaren edukiontzian jasotzen denaren % 18,13 ez da organikoa, eta errefusarenean jasotzen denaren % 44,67 birtziklagarria da. «Behar bezala ez sailkatzeak gainkostua dakar hondakinen tratamenduan», adierazi du udalak.

Esteka honetan dago ikusgai Tolosaldeko Mankomunitateak banatu duen esku-orria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!