Irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte Zuloaga auzoan

Zuloaga auzoko bideak gaur egun duen itxura. Argazkia: Tolosako Udala.

Etzi hasiko dira pixkanaka hondoratu den bidea egonkortzeko lanak, eta sei aste irautea aurreikusten dute. Ondorioz, zenbait aldaketa izango dira inguru horretako trafikoan eta aparkalekuetan.

Makinak prest daude Tolosako Zuloaga auzoko lanei ekiteko. Bertako bidea hondoratu egin da pixkanaka, higatzen joan delako, eta ezpondako materiala irristatu egin delako. Hori dela eta, bidea egonkortuko dute, irisgarritasuna hobetzeko. Girder Ingenieros enpresak garatu du proiektua, eta 81.309,25 euroko aurrekontua izango du (BEZ barne).

Aurreikusten dutenez, sei aste iraungo dute lanek, eta tarte horretan, zenbait aldaketa eragingo dituzte inguru horretako trafikoan eta aparkalekuetan. Ezingo da aldapatik kotxez igaro, ezta bertan aparkatu ere; mugikortasun urriko pertsonentzako bi plazak bakarrik egongo dira erabilgarri. Halaber, lanerako materiala pilatzeko gunea beharko dute langileek, eta horregatik, Belate pasealekuko aparkaleku batzuk kendu egingo dituzte aldi baterako. Udalak herritarrei eskatu die, inguru horretatik igarotzean, kontuz ibiltzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!