Mugikortasun jasangarria eta bizimodu osasuntsua dira Tolosako Udalak aldarrikatu izan dituen erronketako bi. Hori horrela, bizikleten erabilera sustatzeko helburuarekin, agintaldian zehar horiek aparkatzeko gune berriak instalatu dituzte herriko hainbat gunetan. Udalaren hitzetan, «gune aproposak» sortu dituzte, besteak beste Arramele auzoan, Barrena kalean, Andre Maria kalean, Zabalarreta parkeko sarreran, Antonio Maria Labaien plazan, San Esteban auzoan eta Amarotz auzoan.
Duela gutxi, Usabal kiroldegia batu da zerrenda horretara. Hain justu, mugikortasun jasangarria bultzatu eta uda garaian gune horretan sortzen diren elkarbizitza arazoak ekiditeko helburuarekin, bizikletak aparkatzeko 130 elementu berri instalatu dituzte. «Tolosarrei eskatzen zaie erabili ditzatela elementu horiek, eta utzi ditzatela libre oinezkoentzako bideak; batez ere, oinezkoen zubi ingurua», adierazi du udalak.
Horrez gain, duela bi urte Usabalen bertan eta udaletxeko eraikinaren estalpean instalatu ziren bizikletak konpontzeko guneak ikuskatu eta konpondu berri dituztela esan du udalak. Gune horietan, bizikleten matxurak konpontzeko erremintak eta gurpilak puzteko ponpak ere badaude, besteak beste.
Udalak nabarmendu du «lanean» jarraituko duela «herriko mugikortasuna hobetzeko helburuarekin».
