Biescaseko uholdeko biktimen memoria duintzea helburu duen kantua egin du Ander Zubillaga tolosarrak

Duela 30 urte, 1996ko abuztuaren 7an, uholde batek Biescaseko (Aragoi) Las Nieves kanpina suntsitu zuen. 87 lagun hil ziren uholdearen ondorioz, eta beste 187 lagunek jasan zituzten zauri fisikoak. Zubillaga bizirik ateratzea lortu zutenetako bat izan zen; sei urte zituen orduan.

Ander Zubillaga gitarra-jotzaile tolosarrak Biescas kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu; ohiko musika-hizkuntzatik harago doan pieza instrumentala da, oroimenaren soinu-oroigarri bilakatzeko egin duena. Izen bereko Aragoiko herriko Las Nieves kanpinean 1996ko abuztuaren 7an gertatutako uholdean bizitako oroitzapen pertsonaletik sortu du; aurten, 30. urteurrena beteko du hondamendiak.

Zubillagak sei urte besterik ez zituen uholdea gertatu zenean; ondorioz, tolosarraren haurtzaroa markatu zuen. Egun hartako «trauma erresilientzia- eta errespetu-ariketa bihurtu» du, fingerstyle teknika erabilita, hitzik behar izan gabe, «beldurra, babesa bilatu nahiak familiari eragindako presa eta uholdearen ondoren sortutako isiltasun hunkigarria» kontatzeko.

Zubillagak adierazi duenez, piezaren lehen zatia «zintzotasun ariketa itzela» da: udako jolas eta normaltasun egun batetik dena suntsitu zuen lokatz olatu baten oldarraldirako trantsizio bortitza. Musikariak kontatzen duenez, kaosa zela eta, bere aitak hormigoizko habe batean salbu jartzea lortu zuen, komunen guneko sabai faltsua apurtu ondoren; Zubillagaren anaia Iñaki –12 urte zituen orduan– eta ama ere onik atera ziren hondamenditik.

Biziraupenari eta dolu partekatuari gorazarre egiten dio Biescas kantuak. Zubillagak aitortu du letra batek esango lukeena gitarraren bitartez kontatzea nahi izan duela: «Egun hartako oroitzapena, arrisku sentsazioa eta, batez ere, errespetuzko omenaldia bizitza galdu zutenei eta tragedia hark markatuta geratu ziren familiei. Pieza honen helburua ez da mina birsortzea, introspekzio artistikotik biktimen memoria duintzea baizik», azaldu du.

Tolosar gehiagoren parte hartzea

Gero eta karga emozional handiagoa duen narratiba zinematografiko bat da abestia. Gitarra intimo eta biluzi batekin hasten da, inozentzia galdua gogora ekartzen duena, soinu paisaia konplexu baterantz hazten joateko. Entzulea ekaitzaren erdigunera eramatea du helburu. Horretarako, Xabier Zeberioren harizko instrumentuek sortutako tentsioa eta sakontasuna eta Igor Arostegiren orkestra-perkusioaren dramatismo fisikoa uztartzen ditu. Hodeiertz abesbatza protagonista duen klimaxak azken zati epikoa eraikitzen du, eta hondamendiaren hondarrak gogora ekartzen dituen azken isiltasunean amaitzen da kantua.

Zubillagak esan du kantua konposatzeko ideia duela gutxi sortu zela. «Bat-batean sortu zen beharra. Gurasoekin maiz hitz egiten dut gertakariaz, urtean behin edo bitan. Duela urtebete pasatxo, haien etxean nengoela, horri buruz ari ginen hizketan. Une batean, bertan dudan gitarra hartu eta melodia bat sortzen hasi nintzen. Zerbait egiteko momentua zela pentsatu nuen». Arostegirekin elkartu zen ondoren, eta Euskadiko Orkestraren egoitzan egin zituzten grabaketak. «Sekulako esperientzia izan zen», esan du Zubillagak. Azkenik, Iñaki Gereñu irudigilea eta biak Biescaseko kanpinera joan ziren, eta komunak zeuden gunean grabatu zituzten irudiak. Bideoklipa osatzeko, anaiaren zenbait argazki erabili ditu Zubillagak, eta Gereñuk egin du muntaia. Abestiaren nahasketaz eta masterizazioaz, berriz, Beñat Igerabide arduratu da.

Musikari tolosarrak adierazi du abesti honekin «heltze-prozesu artistiko bat burutu» duela; fingerstyle teknika «emozioak sendatzeko» erabili du. Bakarkako formatuak giza emozioak disekzionatzeko gaitasun narratibo handia duela frogatu nahi izan du. «Finean, memoria kolektiboko ekintza bat da Biescas. Esanezina den hori prozesatzeko musika erabili dut bide posible bakar gisa; bizipen traumatiko bat egun ahaztezin hartako arrastoa euren identitate propioan daramatenekiko errespetu mezu iraganezina bilakatu nahi izan dut».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!