Zoruak modu jasangarrian birgaitzeko obren barruan, datorren asteburuan N-I errepideko 435,035 eta 437,080 KPen arteko zatian egingo dute lan, hau da, Tolosa inguratzen duen zatian, eta zirkulazioan eragina izango du.
Obrak asteburuetan ari dira egiten. Asteburu hau izango da bigarrena, eta hurrengo asteburuan ere lan egitea aurreikusten da, beti ere baldintza meteorologikoek horretarako aukera ematen badute.
Bigarren asteburu honetan 435,465 eta 437,080 KPen arteko errepide zatian egingo dira lanak, Donostiarako noranzkoan, hau da, Ibarrako zubia eta Tolosarako iparraldeko sarbidearen arteko zatian. Lanak uztailaren 17ko (ostirala) 22:00etan hasi eta uztailaren 19eko (igandea) 22:00etan amaituko dira eta honela eragingo diote zirkulazioari:
Erabat itxiko dira Donostiarako noranzkoko bi erreiak, eta zirkulazioa mantentzeko by-pass bat ezarriko da 435,125 eta 437,231 KPen artean (luzera: 2.106 m), kontrako galtzadan barrena, Gasteizerako noranzkoko galtzadan barrena. Errepide zati horretan zirkulazioa bi noranzkotakoa izatera pasako da eta ibilgailuek, errei bat erabiliko dute noranzko bakoitzerako.
N-I-436 lotunean, Tolosako iparraldeko lotunean (Santa Lutzia), itxi egingo dira N-I errepidetik Tolosa iparralderako irteera eta Tolosa iparraldetik N-I errepiderako sarbidea, Donostiarako noranzkoan. Tolosara Donostiarako noranzkotik sartzeko edo Tolosatik Donostiarako noranzkoan irteteko, Tolosako erdiguneko irteera-sarrera erabili beharko da, Usabal inguruan kokatuta dagoena, edo Irurako irteera-sarrera (N-I-439), Irura eta Tolosa artean GI-3650 errepidea erabiliz.
Uztailaren 19ko 21:00etatik aurrera, obren behin-behineko seinaleak kenduko dira eta zirkulazioa normaltasunera itzuliko da.
N-I errepidean hobekuntza lanak udan
Gipuzkoako Foru Aldundiak uda baliatuko du N-I errepideko hainbat puntutan kontserbazio- eta hobekuntza-lanak egiteko, bide-segurtasuna indartzeko eta azpiegituraren egoera hobetzeko helburuarekin.
Jarduketa nagusia Tolosan egingo da. Bertan, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak 1,615 milioi euroko inbertsioa egingo du N-I errepideko ia bi kilometroko zatian zorua berritzeko. Lanak hiru fasetan egingo dira, hainbat asteburutan banatuta.
Udako hilabeteetan beste hainbat jarduketa ere egingo dira. Olaberrian, N-I eta AP-636 lotzen dituen bide-adarreko hiru bihurgunetan zoruaren itsaspena hobetuko da; Legorretan, berriz, Itsasondo eta Legorretako tunelen arteko zatian galtzadaren errodadura-geruza berrituko da. Andoainen, Sorabilla parean, N-I eta A-15 errepideen txirikordatzean bide-segurtasuna indartuko da, galtzadako seinaleztapen horizontala berrituz.
Afekzioa ahalik eta txikiena izan dadin, lanak udako asteburuetan programatu dira, trafiko-intentsitatea txikiagoa izaten den garaian. Gainera, mota honetako jarduketek eguraldi-baldintza egonkorrak eskatzen dituzte, lanak behar bezala gauzatu ahal izateko.