Garraio publikoa hobetzeko egindako lanketa helaraziko diote Aldundiari

Gipuzkoako Foru Aldundia Tolosaldeko autobus zerbitzuaren emakida berria prestatzen ari da. Egindako lanketa kontuan hartzea nahi dute eskualdeko udalek.

Tolosaldeko autobus zerbitzua hobetzeko egindako lanketa aurkeztu dute Andu Martinez de Rituerto Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Alaitz Labaien Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordeak. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundia Tolosaldeko autobus zerbitzuaren emakida berria prestatzen ari da, eta egindako lanketa igorriko diete, aintzat har dezaten.

Martinez de Rituertok esan duenez, Aldundiak etorkizuneko zerbitzuaren diseinua egiteko lizitazioa argitaratu du, eta enpresa espezializatu batek egingo du lan hori. «Prozesu hori aukera garrantzitsua da datozen urteetako garraio eredua definitzeko». Horregatik, eskualdeak, Tolosaldeko garapen agentziaren bitartez, udalen eta lurraldearen ezagutzatik abiatuta lanketa bat egin du, hobekuntza proposamen zehatzak jasotzeko, eta «egoki» ikusi du egindako azterketa eta proposamenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku jartzea, etorkizuneko emakidaren diseinuan kontuan har daitezen.

«Egindako azterketak erakusten du gaur egungo zerbitzuak badituela hobetu beharreko alderdiak. Herri batzuetan eskaintza ez da nahikoa, lotura batzuk ez dira egokiak eta eskualdeko mugikortasun behar guztiei ez zaie behar bezala erantzuten. Bereziki, garrantzitsua da landa eremuko herriek ere kalitatezko eta erabilgarria den garraio publikoa izatea, eskualdeko hiriguneekin eta gainerako herriekin lotura egokiak bermatuz», gaineratu du.

Labaienek gehitu duenez, «emakida berriak gaur egungo zerbitzua sendotzeko eta indartzeko balio behar du. Helburua ez da dagoena mantentzea bakarrik, baizik eta identifikatutako gabeziak konpontzea, loturak hobetzea eta herritar guztientzat garraio publiko erakargarriagoa, irisgarriagoa eta eraginkorragoa eskaintzea».

Eskualdeak egindako lanketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku jarriko dela jakinarazi du garapen agentziako lehendakariordeak, «ekarpen eraikitzaile» gisa. «Helburua ez da diseinu itxi bat proposatzea, baizik eta eskualdearen ezagutza, udalen ikuspegia eta lanketan jasotako ekarpenak prozesuaren zerbitzura jartzea, etorkizuneko zerbitzuak Tolosaldeko errealitatea eta herritarren eguneroko beharrak ahalik eta ondoen jaso ditzan», azaldu du. Garapen agentziak, gainera, elkarlanerako prestasun osoa adierazi nahi duela gaineratu du, «etorkizuneko emakidak eskualdearen beharrei ahalik eta modu zehatzenean erantzun diezaion».

Era berean, azaldu du emakida berriak ez duela zerbitzu murrizketarik ekarri behar. «Aitzitik, aukera izan behar du gaur egun dauden gabeziak betetzeko, zerbitzua indartzeko, eskualde osoaren kohesioa sendotzeko eta herri guztiek, tamaina edo kokapena edozein dela ere, garraio publiko duina eta irisgarria izateko». Zentzu horretan, Tolosaldeko udalek argi adierazi dute ez dutela onartuko gaur egun eskaintzen den zerbitzua okertzea edo eskualdearen konektibitatea eta irisgarritasuna murriztea.

«Tolosaldearen garapen ekonomikoa, soziala eta lurralde oreka garraio publiko on batekin lotuta daude. Horregatik, eskualdeak elkarlanerako borondate osoa berretsi nahi du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta gainerako erakundeekin batera lanean jarraitzeko, Tolosaldea osoarentzat autobus zerbitzu hobea eraikitzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!