Tolobolei klubeko senior emakumezkoen taldea Euskal Ligako bigarren mailan lehiatu da bukatu den denboraldian. Igo berritan hirugarren postua lortu dute, eta igoera fasea jokatzetik postu batera geratu dira.
Esteban Chialvo entrenatzaileak azaldu duenez, denboraldi honen aurretik Gipuzkoako ligan bakarrik egon dira lehiatzen jokalariak, eta beraientzat saltoa handia izan da. «Batzuk jubenilak ziren, eta beste batzuk urte horretan lehiatzen hasitakoak. Lehen zatian gorabehera handiak izan ziren, denboraldiaurrea berandu hasi genuelako», zehaztu du Chialvok. «Lehen jardunaldiak ia denboraldiaurrearen jarraipena izan ziren, baina gero bigarren zatia oso ona izan zen, eta bakarrik bi partida galdu genituen. Esperientzia nahiko gogobetegarria izan da orokorrean, bai klubarentzat eta bai taldearentzat».
Toloboleiren aurretik Ostadar eta Universad de Navarra taldeak geratu ziren lehen bi postuetan, eta horiek ematen zuten aukera igoera faserako sailkatzeko. Toloboleiren puntu berdinekin Bera Bera izan zen laugarrena. «Igoera fasea jokatzea lorpen handia izango zen, baina lehen urtea izanda ez genuen helburu bezala jarri denboraldi hasieran», esan du Chialvok. «Denboraldiaren erdian, lehiaketarentzako maila handian geundela ikustean, bai izan zen helburua igoera fasetik ahalik eta gertuen amaitzea. Azkenean denboraldia motza geratu zitzaigun eta gutxi falta izan zen igoera faserako sailkatzeko».
Datorren denboraldirako ligaren mailak aldatu egingo dira. Euskal Ligako lehen maila izango da, ondoren lehen B maila, eta hor sartzen da Tolobolei, eta ondoren hirugarren maila. «Hurrengo denboraldian helburua izango da igoera fasean sartu, eta ahal bada lehen mailara igotzea».
Taldeak erakutsitako maila eta jokoarengatik, beste talde batzuetako jokalarien arreta piztu du. Horrez gain, Toloboleiko kadete mailako zenbait jokalari senior mailara igotzea aurreikusten ari dira. Hain justu, kadete mailako taldea pistako Gipuzkoako txapelduna izan zen, eta hondartzako boleibolean taldeko hiru bikote lehen hiru postuetan geratu ziren.
Bestalde, hondartzako boleibolean lehen aldiz egin zen senior mailan kluben arteko Gipuzkoako Txapelketa, eta Toloboleikoak irabazleak izan ziren bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan. «Bietan maila handia erakutsi dute jokalariek», esan du Chialvok. Hain justu, asteburuan jokatu da Euskadiko Txapelketa, eta bertan parte hartu dute Toloboleiko bi bikotek. Emakumezkoetan Paula Perez eta Mireia De la Parra bikoak zazpigarren egin du, eta gizonezkoetan Manex Olasagasti eta Eneko Mitxelena bikoak hamargarren.