Tolosako San Joan jaiak 2026

Eguraldiaren araberako protokoloak sortzeko beharra identifikatu dute sanjoanen balorazio bileran

Ataria 2026ko uztailaren 10a

Aurrera begira, aurten bizitakoaren antzerako egoeratarako lanketa berezi bat egiteko beharra ondorioztatu dute udalak eta herritarrek.

Ekainaren amaieran izandako bero sapak eragina izan zuen aurtengo Tolosako San Joan jaietako egitarauan, batez ere San Joan egunean. Tenperatura altuen ondoriozko alerta gorria tarteko, zenbait jarduera lekuz aldatu edo bertan behera uztea adostu zuten udalak eta jaiak antolatzen dituzten eragileek. San Joan egunean, bero handia egin zuen, eta desfilea moztea eta azkarrago egitea erabaki zen. Halaber, San Joan bezperan su nagusia egin zen soilik, segurtasun-baldintzekin. Gainerako zenbait ekintza ere lekuz aldatu eta gerizpean egin ziren, hala nola bertso saioa eta jolas-parkea.

Bada, atzo, jaien balorazioa egiteko bilera irekia egin zuten udaletxean, eta bileran parte hartu zuten herritarrek «positiboki» baloratu zituzten azken unean hartutako neurriak, eta guztiak «egokiak» izan zirela ondorioztatu du udalak. Aurrera begira antzerako egoeratarako lanketa berezi bat egiteko beharra ikusi da, eguraldiaren araberako protokoloak sortzekoa, eta horietarako bi proposamen egin ziren bileran: San Joan egunean eguerdian bilera egitea edo eskopetariek eguna Zumardiaundian amaitzea.

Kuadrillen Eguna eta Helduen Eguna oso ondo atera ziren, nahiz eta datorren urtera begira kontuan hartzeko zenbait gauza badauden, Kuadrillen Eguneko baltsa jaitsieraren eta txupinazoaren artean geratu zen tarte luzea arintzekoa, kasu. Bestalde, kontzertuei dagokionez, Puro Relajok Euskal Herria plazan eta Añube eta Neomak taldeek Plaza Berrian «arrakasta handia» izan zutela adierazi dute.

Udalak esan duenez, herritarren erantzuna «bikaina» izan da aurtengo jaietan. Gainera, jaien antolaketan parte hartutako eragileen konpromisoa eskertu nahi du, baita festetan arduraz eta ingurumenarekiko begirunez jokatu duten herritarrena ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!