Salbuespenezko irtenbidea Emeterio Arrese zentroko tabernaren kudeaketarako

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 10a

Ustiapen-kontratua apirilean amaitu arren, behin-behineko jarraitutasuna izango du, gehienez sei hilabetez edo emakida berria formalizatu arte, «interes publikoko» zerbitzu bat zabalik mantentzeko.

Emeterio Arrese zentro sozio-kulturaleko taberna-jatetxe zerbitzua bermatuta dago, udalbatzak ekaineko osoko bilkuran hala erabaki ondoren. 2006an sinatu zen azken kontratua, 15 urteko iraupenarekin eta 5 urtez luzatzeko aukerarekin. Bada, dagoeneko iraungita zegoen, baina egoerari salbuespenezko irtenbide bat ematea adostu eta aldi batez luzatzea onartu dute, hurrengo emakidara arte. Aho batez onartu dute erabakia, eta alderdi guztietako kideek nabarmendu dute «interes publikoko» zerbitzua dela, eta herrian «garrantzi handia» duela: «ez da jatetxe bat bakarrik», adierazi zuen udal gobernuak.

Kristina Pelaez kontratazio zerbitzuko zinegotziak osoko bilkuran azaldu zuen apirilean iraungi zela kontratua, eta zerbitzuaren lizitazio berrirako espedientea iazko irailean abiatu bazuten ere, pleguak ez dituztela garaiz argitaratu. Hori dela eta, eta zentroa erretiratu eta adinekoentzako topagune eta erreferentziazko espazioa denez, aldi baterako jarraipena emango diote kontratuari, orain arteko baldintza berdinetan, taberna ez ixteko. Gehienez ere, sei hilabete edo emakida berria formalizatu arte iraungo du irtenbideak.

Zinegotziak esan du udal gobernuak beste bi aukera ere aztertu dituela, baina horiek baztertzeko aukerak azaldu ditu. Batetik, behartutako luzapena; «ezinezkoa da, pleguak hiru hilabete lehenago ez aurkezteagatik». Bestetik, zubi-kontratua; «ez du balio emakidetarako». Ondorioz, jarraitutasuna bermatzeko akordioa «geratzen zaigun aukera bakarra» dela argudiatu du.

«Espedientea irailean irekitzeak ez du esan nahi lana askoz lehenago hasi ez zenik», erantzun zien Pelaezek oposizioko ordezkariei. Udal gobernuko ordezkariak atzerapenak izan dituztela onartu zuen, «zentroan eraberritze-lanak egiteko aurreikuspenagatik mila kontu eta azterketa» egin behar izan dituztela argudiatuta. Gainera, udaleko kontratazio arloa jasaten ari den «egoera konplexua» ere aipatu zuen, espedientea egiteko atzerapenaren arrazoi gehigarri modura. Hala ere, Pelaezen ustez, «garrantzitsuena da zerbitzua ez ixteko modua aurkitu dugula».

Ados erabakiarekin, kritiko kudeaketarekin

Proposamena aho batez onartu bazuten ere, oposizioko alderdiek gogor kritikatu zuten gai honetan udal gobernuak izan duen kudeaketa. Ainhoa Dominguez EAJko zinegotziak gogoeta egitea eskatu zion EH Bilduri: «Ez da horrelako egoera baten aurrean gauden lehen aldia, eta horrek kezkatzen gaitu. Udal gobernuaren ardura da lehentasunak ezarri eta espediente estrategikoak garaiz martxan jartzea. Gero eta maizago ikusten ditugu atzeratzen ari diren espedienteak, eta egoera honek hausnarketa eta neurriak hartzea eskatzen du. Beharrezkoa izan daitekeen salbuespenezko irtenbide baten aurrean gaude, baina etorkizunean horrelako egoerak saihestea izan beharko litzateke helburua».

Andu Martinez de Rituerto alkateak esan zuen ez dela horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia, eta aurreko bi legealdietan «behin baino gehiagotan» gertatu zela. «Zoritxarrez, administrazioan behin eta berriz gertatzen da, arauak eta epeak oso zorrotzak direlako, eta tartean arazoak sortzen direlako».

Bere aldetik, Joxe Mari Villanueva zinegotzi sozialistak, argi azaldu zuen bere iritzia: «2021etik genekien apirilean bukatzen zela kontratua, eta ez zarete garaiz iritsi. Ordutik, eta gaur arte, zerbitzua legezko hutsune batean egon da; zorionez, ez dugu istripurik izan bertan. Nork hartuko zituen bere gain ondorioak? Prozesua kudeatzeko arduradunek huts egin dutelako gertatu da». Alkateak adierazi zion udal gobernuaren aldetik «arduragabekeriarik ez dela egon», eta «irtenbideak emateko» daudela eta hori egin dutela, «aurrekoetan egin zen bezala».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!