Tolosan 3,2 milioi euro gehiago bideratuko dituzte inbertsioetara

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 10a

Aldaketa honetako partida bat Zumarditxikirako inbertsioa da.

Udalbatzak 3,6 milioi euroko kreditu-aldaketa bat onartu du, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko bozkekin. EAJk abstentziora jo du, eta udal gobernuaren «gardentasunik eza eta elkarlan falta» salatu du.

Tolosako udalbatzak 3,6 milioi euroko kreditu-aldaketa bat egitea onartu zuen ekaineko osoko bilkuran. Udalak aurten egin duen seigarren aldaketa da, eta Kristina Pelaez udal gobernuko zinegotziaren hitzetan, «potoloena». Gerakinetatik finantzatuko dute, eta diru-partidaren zati handiena inbertsioetara bideratuko dute: guztira, 3,2 milioi euro. Horrek % 45 areagotu du urte hasieran aurkeztutako aurrekontuan inbertsioen atalera bideratutako diru kopurua: 7,1 milioi eurotik, 10,3 milioi eurora. Arrameleko biribilguneko obra, Amarotz auzora arteko bidegorriarena, San Frantzisko elizaren erosketa, Usabal kiroldegian eguzki plakak jartzea eta Samaniego eskolako Ikaslab proiektua dira azken kreditu-aldaketako inbertsio nabarmenenak.

Gehiengoz onartu zen erabakia, EH Bildu eta PSE-EE alderdien aldeko bozkekin. EAJk abstentziora jo zuen, «udal gobernuak erabaki estrategikoak hartzeko duen moduagatik». Xarles Iturbe bozeramaileak EH Bilduren jarrera kritikatu zuen: «Gardentasunik gabe, ez dago elkarlanik». Gainera, salatu du «halako aldaketa handi batek informazio zehatza, azalpen sakonak eta eztabaida politikoa» eskatzen dituela, «eta ez azaleko informazioa, gardentasun falta eta elkarrizketarako borondate eza». Erabakiaren alde bozkatu arren, Joxe Mari Villanueva zinegotzi sozialistak ere kritiko hitz egin zuen: «Legealdi honetan desagertu egin da lurralde batzordean proiektuei buruzko informazioa emateko udal gobernuaren ardura».

Hirigintza zinegotziak adierazi zuen batzordeetan informazioa ematen dela, baina gehiegi ez ematearen arrazoia ere azaldu zuen: «Askotan, alderdikeriaz erabili izan da gerora. Informazio gehiago partekatuko genuke, baina zenbait proiektu arriskuan jartzeko zorian egon zarete, eta, beraz, batzuetan ezin dugu informazio guztia partekatu».

Iturberen ustez, hori «oposizioaren lana mugatu, baldintzatu, oztopatu eta zailtzeko modu bat» da. «Gure proposamenak herriari adierazteko ez diogu baimenik eskatzen udal gobernuari, eta ez diogu eskatuko. Zuen kudeaketan guk egindako ekarpenak sartu izan dituzuenean, ez da modu egokienean komunikatu zuen aldetik; zuena bezela azaldu da ekarpena. Guk horri ez genioke elkarlana deituko», adierazi zuen zinegotzi jeltzaleak. 

Eguzki plakak Usabalen

EAJk esan zuen aldaketa honek «agerian» uzten duela «udal gobernuaren atzerapena», eta adibidetzat jarri du Usabal kiroldegian eguzki plaka fotovoltaikoak jartzeko 500.000 euroko partida. «Hiru urtez jarraian eskatu dugu proiektu hau, beraz, berandu heldu da», esan zuen Iturbek. Aitor Agirresarobe ingurumen zinegotziak defendatu zuen «esku-hartze bakoitzak bere prozedura» duela eta «beste lehentasun batzuk» izan dituztela. «Aztertu beharreko proiektua zen, eta ikerketaren emaitzaren zain, ez zuen zentzurik 2023an partida bat gordetzeak. Jasangarritasuna hobetzeko helburuarekin, biomasa-galdara instalatu da, eta orain zentzuzkoa da dirua plakak jartzera bideratzea, teilatuan instalatzea posible dela dakigunean».

Zumarditxikia

Aldaketa honetako beste partida bat Zumarditxikirako inbertsioa da. Jeltzaleek «zalantzan» jarri dute udal gobernuaren jarduteko modua, «gune estrategiko horren etorkizuna herritarrekin partekatu ez delako», eta AuzoEkin proiektuan ez bezala, prozesu parte-hartzaile bat ez sustatzeagatik. «Herritarrei ez zaie hitza eman nahi herri osoak erabiltzeko espazio baten etorkizuna erabakitzeko. Parte hartzea ezin da erabili interes politikoaren arabera», kritikatu dute. Gainera, Zubiberria laster aldatuko dutenez, «zalantza» dute oinezkoentzako gune bihurtzeko «une egokia» ote den. Figueridok erantzun zien «lehentasuna ibilgailuak ateratzea» zela, eta «horretarako, lehenik alternatibak» izan behar zituztela. «Behin eginda, hustu eta herriak erabili dezala. Eta herriak erabiltzen duen bitartean, erabaki dezala zer behar duen espazio honetan».

Arkaute Etxea

Azkenik, Arkaute Etxeari buruz, EAJk kritikatu du «aldez aurretik abisurik edo azalpenik eman gabe» eraikinaren azterketa proiektua kreditu aldaketan agertzen dela. «Oposizioarekiko errespetu minimoak informazioa garaiz partekatzea eskatzen du»., gaineratu dute. Azken urteetan jeltzaleek aurrekontuetarako egindako proposamenen parte izan da gaia, eta diotenez, «bazegoen etxe honetarako aldez aurreko proiektu bat, adostasunez erabakitakoa», mendizaletasun museoarena. Figueridok zehaztu zuen egikaritze-proiektua dela, eta garatzen ari direla. «Landuta daukagunean, horren berri emango dugu», gaineratu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!