Tolosaldeko ospitale publikoa

Alkateen Mugimenduaren arabera Osasun sailak proposatzen duena ez da ospitale bat

Ataria 2026ko uztailaren 9a

Ospitalea eraiki asmo duten gunea.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak Osasun sailari Tolosako ospitale publikoaren Plan Funtzionalari buruz egindako balorazioa helarazi dio.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak Osasun sailari helarazi dio Tolosako ospitale publikoaren Plan Funtzionalari buruz egindako balorazioa. Alkateen iritziz, apirilaren amaieran jasotako dokumentuak ez die behar bezala erantzuten Tolosaldeko egungo eta etorkizuneko osasun-beharrei, eta, gainera, plana prestatzeko prozesuan ez dela udal ordezkarien parte-hartzerik ahalbidetu nabarmendu dute. Horren harira, eskualdeko erakundeekin elkarlanean eta gardentasunez jardutearen garrantzia azpimarratu dute.

Aurkeztutako Plan Funtzionalaren azterketatik ondorioztatzen denez, proposatutako ereduak gaur egun Tolosaldean eskaintzen diren hainbat osasun-zerbitzu galtzea ekarriko luke, hala nola kirurgiak eta akutuen ospitalizazioa, eta eskualdeko ospitale izaera ahulduko litzateke. Era berean, planak ez ditu argitzen Tolosaldeko ESIaren etorkizuna, eskualdeko osasun-sarearen antolaketa edo Donostiako ospitalearekin izango den koordinazioa. Izan ere, Osasun sailak proposatzen duena ez da ospitale bat, Donostiako ESIaren menpeko azpiegitura bat baizik, planean deskribatzen dena aintzat hartuta. Zentro soziosanitario bat dela esan daiteke. Eskualdeko ospitale izaera galduko luke, beraz.
Alkateen ustez, alderdi horiek guztiak behar bezala argitu eta landu behar dira, Tolosaldeak gainerako eskualdeek dituzten osasun-arretaren pareko zerbitzua izan dezan.

Testuinguru horretan, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak Asuncion Klinika publifikatzeko aukera aztertzea eskatu dio Osasun Sailari, gainerako alternatibekin batera modu objektiboan baloratua izan dadin. Gogorarazi dute aukera hori aspaldidanik mahai gainean dagoela, eta azken asteetan klinikaren jabetzak lagapena negoziatzeko prestutasuna adierazi duela, langileen etorkizuna bermatuz gero. Alkateek berretsi dute elkarlanerako borondate osoa dutela, helburu partekatu batekin: Tolosaldeko herritarrek kalitatezko, hurbileko, publiko eta euskalduneko osasun-arreta jasotzea, Gipuzkoako gainerako eskualdeen pareko baldintzetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!