Asuncion Klinikak Osasuna Kalean zikloaren edizio berria abiatu du

Ataria 2026ko uztailaren 6a

Osasuna Kalean egitasmoaren hitzaldietako bat. Iturria: Asuncion Klinika

Uztailaren 9an Berdura plazan Mugitzea eraikitzea da hitzaldia emango du ospitaleko Errehabilitazio zerbitzuko buru den Maria Alejandra Garciak eta Pablo Idarreta fisioterapeutak.

Asuncion Klinikak Osasuna Kalean zikloaren edizio berria abiaraziko du ostegunean, uztailak 9. Aurten zahartze aktibo eta osasuntsuan jarriko dute azpimarra. Izan ere, bizi-itxaropena gero eta handiagoa dela gogorarazi du ospitaleak. Espainian 65 urtetik gorako pertsonek biztanleriaren % 20 inguru osatzen dutela esan dute eta ehuneko horrek hazten jarraituko duela datozen hamarkadetan. «Aldaketa demografiko horrek gonbidatzen gaitu urte gehiago bizitzeaz gain, hobeto bizitzeaz ere pentsatzera: autonomiaz, energiaz eta bizi-kalitatez». Horiek horrela, esan dute ariketa fisiko erregularrak, elikadura orekatuak eta bihotz-osasunaren zaintzak nabarmen murrizten dutela mendekotasun eta gaixotasun kroniko-arriskua, eta, gainera, edozein adinetan hobetzen dituela gogo-egoera eta bizitasuna. «Fisikoki eta mentalki aktibo mantentzea gaur egun estrategiarik eraginkorrenetako bat da ahultasuna prebenitzeko eta zahartzaroan autonomia zaintzeko».

Helburu horrekin, Osasuna Kalean egitasmoak Asuncion Klinikako espezialisten hitzaldiak izango ditu, eta hurbiltasunez eta modu ulergarrian partekatuko dituzte edozein adinetan hobeto zaintzeko gakoak. Hitzaldiak doakoak izango dira eta guztiak izango dira Berdura plazan 18:00etan.

Egitaraua

  • Uztailaren 9a, osteguna: Mugitzea eraikitzea da. Hizlariak: Maria Alejandra Garcia Errehabilitazio zerbitzuko burua eta Pablo Idarreta fisioterapeuta.

  • Uztailaren 16a, osteguna: Zaindu bihotza, hobeto bizitzeko. Hizlaria: Alejo Orellano Kardi0logia zerbitzuko burua.

  • Irailaren 3a, osteguna: Nutrizioa eta osasun integrala zahartzean. Hizlaria: Ysabel Muñoz Barne Medikuntza zerbitzuko burua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!