Igarondo Urpekoak taldeko Irati Lakunza tolosarrak Incheongo (Hego Korea) Hegats Igeriketako Munduko Txapelketetan parte hartu berri du. Hasiera batean, hiru probatan parte hartzekoa zen, baina azkenean bitan lehiatu da.
Lehen egunean, ur-azaleko 400 metrotako proban parte hartu zuen. Zortzi onenen artean sailkatzea zen helburua, finalean egoteko. Lehen proba izanik, Lakunzak aitortu du «asko kostatu» zitzaiola lehiaketaren atmosferan sartzea. «Ez nuen denbora txarra egin, baina ez nuen lortu finalera sailkatzea». Hamabigarren denbora onena egin zuen kanporaketetan (3.25.31), eta finalera sailkatzetik hiru segundo pasatxora geratu zen.
Murgilketako 400 metrotako proban lortu zezakeen domina Lakunzak. Hamaika igerilarik parte hartu zuten, eta tolosarrak oso denbora ona egin zuen: 3.05.05. Proba horretan inoiz egin duen bigarren denbora onena egin zuen, eta bost segundoan hobetu zuen munduko txapelketara sailkatzeko egindako denbora (3.10.43). Hala ere, ez zen nahikoa izan domina bat eskuratzeko. Hirugarren izan zen Seohyun Baek korearrak bi hamarreneko aldea atera zion. «Sekulako denbora da. Postuak postu, marka on bat egitea zen helburua, eta hori lortu dugu».
Oro har, «oso sentsazio onak» izan ditu tolosarrak. «Prestatuta joan nintzen, eta azken urtean egindako lanaren isla izan da. Azken bi denboraldiak gogorrak izan dira psikologikoki, emaitzak ez direlako esperotakoak izan, baina egin dudan denbora sari bat izan da niretzat. Noski, domina bat ederra litzateke, baina nahiago dut denbora ona egin eta laugarren sailkatu, denbora txarra eginda hirugarren izan baino», azaldu du.
Dagoeneko begiz jota du hurrengo helburua. Abuztuan Italian egingo diren Mediterraneoko Jokoetan parte hartuko du ur-azaleko 200 metrotako proban eta 400 metrotakoan.