Tolosa eta Leitzako Aurrera klubek jokatuko dute 2026ko CMO Esku Pilotako Kluben Liga txapelketako finala, igande honetan, Beotibar pilotalekuan; 10:45ean hasiko da lehen partida, eta hiru izango dira guztira: kadete mailakoa, jubenilena eta nagusiena.
Tolosarrek Beteluko frontoian jokatu zuten finalerdia Lekunberriko Larraun Pilota Elkartearen aurka, eta 2-1 irabazi zuten. Kadete mailako neurketan, Jurgi Landa eta Jon Lasa tolosarrek 2-0 (10-5 eta 10-5) irabazi zieten Ijurko-Sotil bikoteari. Jubenil mailan, hiru joko behar izan zituzten Aitor Perurena eta Aitor Etxeberria tolosarrek Larraungo Nazabal-Telletxea bikotearen aurka garaipena eskuratzeko; azkenean, 2-1 irabazi zuten (10-4, 9-10 eta 5-3). Nagusien mailan, Aitor Altunak eta Julen Aizpuruk osatu zuten Tolosaren bikotea, eta Galartza-Sotil bikotearen aurka jokatu zuten. Ordurako ez zegoen ezer jokoan, eta 2-0 gailendu zen Lekunberriko taldea: 10-3 eta 10-3.
Leitzako Aurrera taldeak, berriz, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako finalerdian lortu zuten finalerako txartela, Lazkaoko Lapkeri 2-1 irabazita. Kadete mailako partida nafarrek irabazi zuten, jubenil mailakoa, berriz, gipuzkoarrek, eta nagusien mailakoan erabaki zen garailea. Azken neurketan, Aurrerak 2-0 irabazi zion Lapkeri.
Igandean, beraz, talde txapelduna erabakitzeko partidak jokatuko dituzte Tolosan. Irabazten duenak, txapelez, garaikurrez eta Lacturale loteez gain, 3.000 euroko ordainsaria jasoko du. Txapeldunordeak, berriz, garaikurrak, Lacturale loteak eta 2.000 euroko ordainsaria. Txapelketa hirugarren postuan amaitzen duen klubak 1.000 euroko ordainsaria eta garaikur eta esneki lote bana jasoko ditu oparitan. Azkenik, laugarren sailkatzen denak, 500 euroko ordainsaria eta garaikur eta esneki lote bana jasoko ditu.