Urte luze baten esperoan egon ostean, bueltan dira haur sahararrak. Oporrak Bakean programaren baitan, Aljeriako desertuan dauden errefuxiatuen kanpalekuetatik atera eta Euskal Herriko familietan eta aterpetxeetan pasako dute uda. Aurten, 204 haur saharar izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan; horietatik 92 Gipuzkoan, 86 Bizkaian eta 26 Araban. Eskualdean, hamaika haur saharar izango dira bi hilabetez.
Eguerdian iritsi da Bilboko aireportutik zetorren autobusa Tolosako Amarotz auzora. Bertan zeuden zain harrera familiak eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak, eta autobusetik irten direnean besarkada artean egin diete ongietorria gaztetxoei.
Abuztu bukaera arte egongo dira eskualdean. Tarte horretan, behar beharrezkoak dituzten osasun frogak egingo zaizkiela, euren elikadura hobetuko dutela, eta desertuko 50 graduak ekidingo dituztela nabarmendu du Elixabet Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko ordezkariak.
Horretaz gain, oporraldi polita igaroko dute. Bai harrera familiekin eta euren lagunekin, bai eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatzen dituen jardueretan parte hartuz, hala nola, igeriketa eta piragua ikastaroak. Gainera, harrera familiak eta haurrak elkartzeko hainbat ekintza ere izango dituzte udan zehar: «Azken finean, familia handi bat osatzen dugu», gaineratu du Eizagirrek.
90. hamarkadatik martxan den programa da Oporrak Bakean eta Euskal Herriak Mendebaldeko Sahararekiko egiten duen elkartasun keinu «garrantzitsuenetakoa» dela dio Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak. «50 urte igaro dira Mendebaldeko Sahara okupatu zutenetik. Hori dela eta, 50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz leloa izango du aurtengo programak».
Haur sahararrei ostegunean Gazteluko udaletxean egingo diete harrera ekitaldia, 17:00etan hasita, eta hara joateko gonbita zabaldu dute elkartekideek.