ELKARRIZKETA

«Ikasleen ulermen maila asko jaitsi da azken urteotan»

Leyre Carrasco 2026ko ekainaren 30a

Irakurtzeak dakartzan onurez jabetuta, hori ikasleengan sustatzeko hainbat proiektu dituzte esku artean Orixe BHIn. Ikasleek gustura hartu dituztela kontatu du.

Liburutegia hornitzen ari dira Orixe BHIn, eta dagoeneko hainbat aurrerapauso eman dituzte. Aurten, esaterako, Tolosako liburuzainarekin elkarlanean hasi dira eta, hain justu, horien arteko elkarlana sustatzen ikasteko ikastaro bat egitera joango da Helsinkira Igone Ugalde irakaslea.

Irakurzaletasunaren bueltan murgilduta zaudete. Nondik dator proiektu hau?

Erasmus plusek antolatzen duen proiektu bat da. Ikastaro bat egitera joango naiz Helsinkira liburutegi publikoak eta institutuetako liburutegien arteko elkarlana nola sustatzen den ikasteko. Oso interesatuta gaude Orixen, aurten hasi baikara Tolosako liburuzainarekin elkarlanean. Oraindik bideratzen ari garen proiektua da baina datorren ikasturtean ikastetxeko liburutegian ditugun liburu guztien katalogazioa egingo dugu, eta ez hori bakarrik, edozein kontsulta ere Tolosako liburuzainarekin egiteko aukera izango da.

Ikastaro hori, beraz, baliagarria izango zaizue.

Bai, institutuko liburutegia oraindik hornitzen ari gara eta ikastaroak nondik nora jo behar dugun ikasteko balioko digu, baita liburutegia zertarako erabili eta herriarekin jarduera gehiago egiteko ere. Egia esan, ikastetxea fisikoki ez dago oso ondo kokatuta; herrigunetik gertuago egongo bagina ziurrenik errazagoa izango litzateke hau dena kudeatzea eta horrek ez digu gehiegi laguntzen, baina ikasten ari gara oraindik.

Zein iraupen izango du ikastaroak?

Uztailaren 20tik 25ra bitarte izango da. Badakit bisita batzuk egingo ditugula hango liburutegi ezberdinak ezagutzeko, eta hango kudeaketa nolakoa den eta nola funtzionatzen duen azalduko digute.

Horrez gain, zein beste jarduera egiten dituzue Orixen?

Irakurketarekin eta irakurzaletasunarekin lotuta dauden jarduera asko egiten ditugu hemen Orixen. Esaterako, irakurketa sistematizatu egin da DBH 1 mailan eta datorren urtean DBH 2 mailara luzatzeko asmoa dugu, hau da, astelehen, astearte eta ostegunetan, 20 minutuz, ikasleek nahi duten liburua isiltasun osoz irakurtzen dute. Ordu hori errotatiboa izaten da; demagun aste honetan hirugarren orduan dela, eta beraz, datorren astean laugarren orduan egingo genuke. Ikasleei horren berri aurretik ematen zaie, ikasgelako atean pegatzen dugun kartulina batean. Lehen asko egiten genuen jarduera bat da, eta etenaldi baten ostean, aurten hori berreskuratzea erabaki dugu.

Horrez gain, proiektu komunitarioa den KZP orduan, DBH 1 mailakoek irakurri egiten dute. Ikasgai hau, ordea, tutorearekin egiten da, baina aurten, irakurketa proiektuan dagoen irakaslearekin egitea erabaki da. Bertan, irakurketa lantzen dugu, hau da, altuan irakurri batek eta entzun besteek. Datorren urtean proiektu hau ere DBH 2 mailara luzatzeko asmoa dugu.

Irakurketa sustatzeko beste hainbat jarduera egin ditugu, adibidez, JML (Jateko Moduko Liburuak) proiektua. Proiektu honetan hainbat liburu eskaintzen zaizkie ikasleei, literatur menuetan antolatuta. Jaialdian mahai ezberdinak ipintzen dira eta mahai bakoitzean liburu bati buruz hitz egiten da. Beraz, ikaslea aukeratutako liburuaren mahaian esertzen da, mahai horretan ezagutzen ez dituen ikasleekin batera. Aurtengo jaialdia martxoaren 26an ospatu dugu, Zerkausian, eta Orixeko ikasleez gain, Beasaingo eta Ordiziako ikasleek parte hartu dute. Honen helburua liburuen bitartez adiskide berriak egiteko aukera eskaintzea da. Jaialdia baino lehen bi lehiaketa antolatu genituen: Booktrailer eta kartel lehiaketa eta irabazleen izenak eta lanak jaialdian erakutsi genituen. Gainera, gonbidatu berezia izan genuen jaialdian: Iñaki Artola pilotaria, Orixeko ikasle ohia eta irakurle amorratua.

Zein da ikasleen jarrera honen aurrean?

Oso ona. Nik tarteka galdetu egiten diet eta gustura daudela esaten didate. Orain, galdetegi bat prestatu diegu, irakurketa sistematizatuarekin eta KZP irakasgaiarekin ea pozik dauden jakiteko. Era anonimoan izango da eta emaitza onak baldin badaude datorren urtean ere jarraituko dugu.

Zein onura ditu irakurtzeak?

Nik uste dut onura handiak dituela. Orixen ikusten ari gara ikasleen ulermen maila asko jaitsi dela azken urteotan, eta horregatik erabaki dugu hau guztia egitea. Honetaz gain, hobekuntza plan bat ere etorriko da eta plan horretan hainbat ardatz hartu behar izan ditugu kontuan; horietako bat irakurketa da, beraz, horri eutsi behar diogu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!