Atzo jokatu ziren Tolosa CF klubak antolatzen duen CMO Valves Areto Futbol Txapelketaren 38. edizioko finalak Usabal kiroldegian. Alebin eta benjamin mailetako nesken eta mutilen 46 taldek parte hartu dute aurten.
Alebin mutiletan Marrazo Gorriak A taldea izan da garailea. 1-0 irabazi zion finala Balegietako Izarrak taldeari. Pantera Junior taldea izan da hirugarren, eta Urreburu-Berrobi laugarren. Azken bi hauen arteko partidan 5-2 izan zen emaitza.
Alebin nesketan Tarukutraku taldea izan da txapeldun. Finalean Beastegiko Tigre Txikiak taldearen aurka husna berdindu ondoren, 5-4 irabazi zuten penalti jaurtiketetan. Pantera Beltzak eta TKL taldeak sailkatu dira hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren; 2-0 amaitu zen hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida.
Benjamin mutiletan Kantera JR taldea gailendu da. Izotzezko Baloiak taldearen aurka jokatu zuen finala, eta 2-1 irabazi zuen. Izotzezko Dragoiak B taldea izan da hirugarren, Otso Beltzak taldeari 4-2 irabazita.
Benjamin nesketan Otso Beltzak taldea izan da garailea. 3-0 irabazi zion finala Suzko Izarrak taldeari. Suzko Sugeak sailkatu da hirugarren postuan, eta Urrezko Leopardoak taldea izan da laugarren. Bi hauen arteko partida 2-0 amaitu zen.
Aurtengo txapelketako argazkiak esteka honetan ikusi daitezke. Argazkilaria: Asier Irazu.