Asteburuan CMO Esku Pilotako Kluben Ligako finalerdiak jokatuko dira. Tolosa elkarteak aurrean izango du Lekunberriko Larraun elkartea. Beteluko frontoian jokatuko dute jaialdia, 17:00etatik aurrera igande honetan. Sarrerak hamar euro balioko ditu.
Kadete mailan Tolosatik Landa-Lasa bikoteak jokatuko du, eta aurkaria Ijurko-I. Sotil bikoa izango du. Jubeniletan Perurena-Etxeberria ariko dira Tolosatik, eta Larraunetik Nazabal-Telletxea. Nagusietan Tolosatik Altuna-Aizpuru bikoak jokatuko du, eta aurkariak Galarza eta J. Sotil izango dira.
Beste finalerdia Leitzako Aurrera elkarteak eta Lazkaoko Lapke elkarteak jokatuko dute. Gaur izango da partida, 18:30etik aurrera Iruñeko Labrit pilotalekuan.