Jaien aurretik, antzerkiarekin dute hitzordua Amarotzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko ekainaren 25a

Amarozko 28. Antzerki Asteko antolatzaileak eta partaideetako batzuk, aurtengo kartelarekin. INTUJAI

Ekainaren 29tik uztailaren 3ra izango da Amarozko 28. Antzerki Astea; hamar saio antolatu dituzte, familientzat eta helduentzat, eta zortzi euskaraz izango dira.

Uztailaren 3tik 5era izango dira Amarozko jaiak. Lehenago, ordea, antzerki astea egingo dute. May Gorostiaga Intujai konpainiako zuzendaria jaialdiaren antolakuntza taldeko kidea da. «Duela bospasei urte nortasun propioa hartu zuen, eta dagoeneko auzoan eta herrian errotuta dago». Aurten 28. aldiz egingo dute. «Pasa den mendekoak gara», esan du barre artean.

Jaialdia iragartzeko kartelak auzoari lotutako aldarri bat izaten du oinarri, eta aurtengoa Eraikitzen izenburupean aurkeztu dute. «Amarotzen beti ari gara piezak jartzen, eragileen artean, auzoa elkarlanean eraikitzen. Pieza txikiekin emaitza handiak lortzen ditugu, eta antzerki astea da elkarlanaren fruituetako bat», azaldu du Gorostiagak.

Herriko bi talde

Ekainaren 29tik uztailaren 3ra izango da aurten. Lehen egunean, emanaldi bana egingo dute Intujai espazioko antzerki eskolako haur eta gaztetxoek eta klown ikastaroko helduek. Lehenengoek, Xabin Fernandez irakaslearen zuzendaritzapean, Gauza arraroak antzezlana sortu dute. «Stranger Things telesailean oinarrituta dago, nahiz eta zerikusirik ez izan. Dakigun bakarra da ikusleak espazioan eta denboran bidaiatuko duela», azaldu du antolatzaileak. Klown ikastaroko taldeak, berriz, inprobisazioa landu du ikasturtean zehar Bea Larrañaga irakaslearekin, eta Txitxa-gym, emaiok al mitxelin komedia ikuskizuna sortu dute antzerki asterako. «Erraza da antzematen zer itxura izango duen».

Fernandezek berak, Gehibat konpainiarekin, Zaku berekoak ikuskizuna egingo du uztaileko lehen egunean. Iaz, Lautan Hiru laguntza jaso zuen obraren testuagatik, eta Intujai konpainiarekin elkarlanean bideratu ondoren, otsailean estreinatu zuen. «Pribilegiatu hutsa sentitzen naiz obra zuzentzen aritu naizelako. Xabin artista hutsa da. Obrak lantzeko modu propioa du, eta bere testuak zoragarriak dira», aitortu du Gorostiagak.

Askotariko saioak

Bezperan, Alazne Etxeberriak Artificial gaztelaniazko obra aurkeztuko du; adimen artifizialari buruzkoa da. «Bakarrizketak egin ohi ditu, stand up comedy formatuaren bere bertsioan. Antzezpen handiko saioak izaten dira, eta soinu efektu asko erabiltzen ditu. Ondo pasatzeko moduko ikuskizuna izango da».

Iñaki Carretero ipuin kontalariaren saioa ere ohiko hitzordua bilakatu da Amarozko jaialdian. Aurten Kax-kax ikuskizuna egingo du. «Aitona-amonen ganbarara eramango du ikuslea, eta bertan topatutako objektuak eskuan hartuta, horien atzean dagoen historia kontatuko du».

Azpimarratzeko beste saio bat Pintxopoteatroa da. Azken urteetan tokia egin du egitarauan, eta aurten gertuko magia eta globoflexia uztartuko ditu. Sei magok egingo dituzte magia saioak; puxikekin objektuak sortzeaz, berriz, Diego Calavia arduratuko da.

Azken egunean, aurtengo gonbidatu nagusiaren txanda izango da. Rosa eta Arai Pelaez ama-semeek, Roseta Gelats Circ-cia izen artistikoarekin, testurik gabeko La vida toroidal ikuskizuna egingo dute. Antipodista da Rosa. Gorantz begira etzanda jarri, eta malabarrak egiten ditu oinekin. Horrez gain, akrobata da. «Halako oso gutxi daude», nabarmendu du Gorostiagak.

Euskalduna eta parekidea

Hamar saiok osatzen dute aurtengo egitaraua, eta horietatik zortzi euskaraz izango dira. Hala, azken hamarkadan euskarazko ikuskizunen aldeko joerari jarraipena emango dio antzerki asteak. «Hasierako edizioetan, akaso, alderantzizkoa zen joera, zailagoa zelako antzerkia euskaraz egiten zuenik topatzea», adierazi du antolatzaileak.

Gorostiagak, ordea, esan du aldaketa ez dela antzerki astean soilik gertatu. «Duela 28 urte, edozein kultur agendatan gaztelaniazko ikuskizun asko topatu zitezkeen; lau saiotatik bakarra izango zen euskaraz. Orain, berriz, hamarretik bakarra izaten da gaztelaniaz, eta ia beti artista gonbidatuak edo emanaldi bereziagoak egiten dituztenak izaten dira. Harro sentitzeko modukoa da».

Jaialdia generoaren ikuspegitik ere aztertuz gero, datuak oso parekatuak izango liratekeela esan du antolatzaileak: «Edizio batean, artista batek parekidetasunaren alde egiten genuen lana nabarmendu zuen. Banaketa orekatua zela, eta zenbaitetan, emakumeak gehiengoa zirela esan zuen. Orduan, atzera begira jarri, eta ohartu ginen beti izan dugula egitarau parekidea, inolako esfortzurik egin gabe, modu naturalean, eta hori da politena».

Antzerkiaren arnasgune

Artistek edo konpainiek emanaldi berriak aurkezteko edo ofizialki aurkeztu aurretik azken probak egiteko baliatzen dute jaialdia. Formakuntzaren ikuspegitik, berriz, haur eta gaztetxoentzat espazio aproposa da, publikoaren aurrean lehen aldiz aritzeko.

Publikoari buruz, Gorostiagak nabarmendu du askok antzerkiarekin lehen harremana gisa honetako jaialdietan izaten dutela. Hala ere, haren iritziz «oraindik ez zaio ematen berez duen garrantzia, horrelako jaialdietan fidelizatzen delako publiko potentziala».

Antolatzaileak, ordea, ez dauka hitzik auzotarren erantzuna deskribatzeko. «Beti da ona, eredugarria. Etxean dugunari ia inoiz ez diogu behar duen balioa ematen. Babesle eta laguntzaileei esker egiten dugu antzerki astea, baina horien artean ezinbesteko piezak dira auzoko bizilagunak, auzo elkartea eta bertako denda eta tabernak».

Antzerkiak betidanik izan du arnasgune bat Amarotzen, eta horren lekuko izan da jaialdia bera. «Hiru hamarkadatan mugimendu handia egon da auzoan, eta guk nabaritu dugu aldaketa hori egitarauak prestatzerakoan. Orain, garai batean bertan bizi zirenetako asko familia bisitatzera bueltatzen dira, antzerkiaren aitzakiarekin. Giro polita sortzen da luzaroan elkar ikusi ez duten auzotarren artean».

Egitaraua
  • Ekainak 29, astelehena
    • 17:00. Intujai antzerki eskola: Gauza arraroak. Auzo etxean.
    • 20:00. Intujai klown eskola: Txitxa-gym, emaiok al mitxelin. Auzo etxean.
  • Ekainak 30, asteartea
    • 17:00. Ostomila txotxongilo taldea: Milaren sekretua. Aterpean.
    • 20:00. Alazne Etxeberria: Artificial. Auzo etxean, gaztelaniaz.
  • Uztailak 1, asteazkena
    • 17:00. Iñaki Carretero: Kax-kax. Auzo etxean.
    • 20:00. Gehibat konpainia: Zaku berekoak. Auzo etxean.
  • Uztailak 2, osteguna
    • 17:00. Oier Jurado: Delivery. Auzo etxean.
    • 18:00. Zenbait mago: Pintxopoteatro, gertuko magia eta globoflexia. Kale ikuskizuna.
    • 20:00. Radio Rebelde taldea: '80-'90 covers musika emanaldia. Plazan.
  • Uztailak 3, ostirala
    • 18:00. Roseta Gelats Circ-cia: La vida toroidal. Futbol zelaian, testurik gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!