Irati Lakunza, Hegats Igeriketako Munduko Txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko ekainaren 25a

Irati Lakunza 2024an Usabalen, bere plaka jartzeko ekitaldian. I. G. L.

Igerilari tolosarrak Hego Korean jokoan den txapelketako hiru probatan parte hartuko du gaurtik hasita. Domina bat irabazteko aukera handiena larunbatean izango du.

Igarondo Urpekoak taldeko Irati Lakunza igerilari tolosarrak Incheonen (Hego Korea) jokatzen ari diren Hegats Igeriketako Munduko Txapelketan parte hartuko du. Nazioarteko txapelketetan esperientzia handia duen igerilariak hiru probatan parte hartuko du, gaurtik larunbatera bitarte.

Lehen proba gaur izango da, ur-azaleko 400 metrotakoa. Parte hartuko duten igerilarien artean, hamaseigarren denbora onena dauka tolosarrak. Laugarren eta azken kanporaketan parte hartuko du, eta tolosarrarekin batera igeri egingo dute Sofiia Hrechko eta Anna Yakovleva ukrainarrek, hurrenez hurren, absolutu eta jubenil mailako munduko errekorraren jabeek; beraz, erreferentzia onak izan daitezke. Zortzi onenen artean sailkatzea da helburua, ostiralean jokatuko den finalean egoteko, baina zaila izango da.

Bihar errelebotako 4 x 100 metrotako proban parte hartuko du, Marina Roman, Jose Manuel Santano eta David Asin taldekideekin batera. Denborak kontuan hartuta, ia ezinezkoa dute finalera sailkatzea.

Domina bat irabaztekotan, murgilketako 400 metrotakoan lortu dezake Lakunzak. Larunbatean izango da proba, eta hamaika igerilarik parte hartuko dute. Tolosarrak podiumean egon nahi badu, bere denbora onena (3.10.43) bi segundoan hobetu beharko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!