Hutsik egin gabe atera dira kalera San Joan egunez Tolosako eskopetarien konpainiak. Lehenengo Plaza Zaharrean bildu dira konpainia guztiak eta banaka-banaka agurtu dute herriko udala tiro banarekin; eta, bukatutakoan, guztiek batera beste bina agur egin dituzte.
Geroago, Andre Mari elizaren parean bildu dira hainbat konpainia bordondantzariak eta erraldoiak ikustera, eta prozesioak Alde Zaharra zeharkatu bitartean udal ordezkariak agurtzen aritu dira beste hainbat konpainia, paretik pasatzen ziren heinean.