22:00etako ezkil hotsek iragarri behar zuten urteko gau laburrenetako baten hasiera. Aurten, ordea, beranduago entzun dira. Ordurako Tolosako Udal Musika Banda San Joan zortzikoa jotzen ari zen. Musikarien lehen notekin bat egin du herritarren kantu lotsatiak: Agur, egun, zoragarria…, eta zortzikoaren unean piztu dute sua.
Ez da ohiko su altua izan, txikiagoa baizik, herritarrek ezin izan dute gainetik salto egin eta ohi baino lehenago itzali dute. Ekitaldi sinbolikoa besterik ez da izan, oraindik indarrean dagoen muturreko tenperaturek eragindako alerta egoeragatik eta sute bat sortzeko arriskuagatik.
Suak iraun bitartean herritarrak hesien atzean, eta udalbatzako kideak bandaren emanaldiari begira, suari bizkarra ematen. Haietakoren batek aprobetxatu du suaren ondotik igaro eta mugikorra atera eta une bitxia betirako gogoan izateko argazkiak egiteko.
Suaren ondoren, ohiko emanaldiak egin dituzte herriko taldeek. Lehenik, Udaberri Dantza Taldearen txanda izan da. Urdiaingo San Joan Kantaita dantzatu eta abestu dute, eta ondoren, Gipuzkoako zenbait dantza tradizional egin dituzte. Herritarrek txalo artean agurtu dituzte amaieran.
Gabonetako zortzikoa, San Joan bezperan
400 urte inguru dituen Santa Maria Kaperak hartu du dantzarien erreleboa. Hodeiertz abesbatzarekin tartekatzen dute gaurko emanaldia, eta aurten plazan bertan egoitza duen taldeari egokitu zaio. 45 kide inguruk parte hartu dute aurtengo emanaldian, eta lau obra interpretatu dituzte.
Lehenik, Joxe Olaizolaren Agur jauna. Ondoren, Eduardo Mokoroa tolosarraren Goazen guztiok, goazen gabonetako zortzikoa; Eguberri eguneko mezan kantatu ohi dute, baina Jesus Mari Arrieta parrokoaren lanari esker, kantuaren letrak aldatu eta gaurko egunerako moldatu dute. Segidan, Tolosan urte luzez bizi izan zen eta bertan hil zen Felipe Gorriti uhartearrak (Nafarroa) sortutako nafar jota bat estreinatu dute; berez, bihar ere entzungo zen Berdura plazako kontzertuan, udal musika bandak eta udal txistulari bandak interpretatuta, baina bertan behera geratu da.
Eta azkenik, nola ez, Eduardo Mokoroa tolosarrak sortutako San Joan zortzikoa. Azken horretan, bandak jo duenean baino ozenago entzun dira herritarren ahotsak: Agur, egun, zoragarria… Eta suak berotu eta beroak erotu adina poztu du herri guztia.
Ohi baino su gutxiago
Gipuzkoako Foru Aldundiak landa-eremuetan San Joan sua piztea debekatu du, eta, horrez gain, Tolosako Udalak erabaki du auzoetan aurreikusita zeudenak ere bertan behera uztea, su bakarra segurtasun-neurri guztiekin egiteko. Hala ere, surik piztu ez duten auzoetan aurrera egin dute aurreikusitako egitarauarekin, esaterako, Larramendi, San Esteban eta Amarotz auzoetan. Eskualdeko zenbait herritan ere bertan behera utzi dituzte suak.