Orain gutxi hautsi zuen Tolosa CFko Manex Civico tolosarrak 3.000 metro oztopoen probako errekorra, eta berriro lortu du asteburuan. Vienan jokatutako Track Night Vienna proban 8.36,88ko marka egin du, aurreko errekorra hiru segundo eta 24 ehunenetan hobetuta. Bederatzigarren postuan amaitu zuen Civicok lasterketa. Bestalde, Tolosa CFko Ane Martin tolosarrak ostegunean Malagan (Espainia) izandako mitinean 1.500 metroko proban 4.26 egin zuen, bere markatik hiru segundotara.
Absolutu mailako Gipuzkoako Txapelketa jokatu da asteburuan, eta Tolosa CFko atletek bi domina lortu dituzte. 4x100 metroko erreleboan 20 urtez azpiko nesken taldeak (Nagore Gabarain, Laia Azpilgain, Ane Alonso eta Maier Etxabe) 47,92ko marka bikainarekin zilarra lortu zuten, eta Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera handiak dituzte marka horrekin. 400 metrotan Eñaut Unanuek ere zilarrezko domina lortu zuen 50,69ko markarekin.
Txapelketa horretan, pertikako proban hiru tolosarrek osatu zuten podiuma. Real Sociedad taldeko Ander Martinez de Rituerto izan zen irabazlea 5,35 metroko jauziarekin. Super Amara BAT taldeko bi atleta izan ziren bigarren eta hirugarren: Mario Estanga 4,85 metrorekin eta Imanol Ibarbia 4,15 metrorekin.