Tolosako Udalak aldaketak egin ditu San Joan jaietako gaurko eta biharko egitarauan, muturreko tenperatura dela eta. Aldaketak herriko eragileekin adostu dituzte.
Gaur arratsaldean 17:00etan Udal Txistulari Bandak antzinako erronda bidea egiten du San Joan zortzikoa joz. Aurten ez dute errondarik egingo, eta udaletxeko arkupeetan joko dute. 19:00etan egin ohi den San Joan su txikia bertan behera utzi dute, eta aldaketak izango dira gaueko San Joan suan. Su txiki bat piztuko dute ekitaldi sinboliko gisa, baina ezingo da saltorik egin, eta lehenago itzaliko dute. Suaren ondotik egon ohi diren emanaldiak egingo dituzte.
San Joan eguna
Biharko San Joan egunean ere aldaketak izango dira. Andre Maria parrokian meza nagusia eta ondorengo prozesioa ohi bezala egingo dituzte, baina eskopetarien konpainiek Euskal Herria plazan bi deskarga bakarrik egingo dituzte, eta Udal Musika Banda ez da Euskal Herria plazara joango. Erraldoiak han izango dira, baina ez dute dantzarik egingo. 13:00etan Berdura plazan Tolosako eta Iruñeko udal txistulari bandek eta Tolosako Udal Musika Bandak egiten duten kontzertua bertan behera utzi dute.
Arratsaldeko ekitaldietan ere aldaketak izango dira. Plaza Zaharretik abiatuta, udalbatzak, Udal Txistulari Bandak, Udal Musika Bandak, bordondantzariek eta eskopetariek 16:40ean egin ohi duten ibilbidea –Andre Maria, Arramele, Trianguloa plaza eta Zumardiaundia– 17:20era atzeratu dute, eta Andre Maria plazara joango dira. Parrokian 17:30ean izango dira bigarren bezperak eta konpletak. Izan ere, ordu horretan San Joan ermitan egiten den ekitaldia bertan behera utzi dute.
Udalbatzak, Udal Txistulari Bandak, Udal Musika Bandak eta bordondantzariek beraz, Andre Maria parrokiatik egingo dute Zumardiandirako bidea, eta bertan izango da alkatearen agurra eta zinegotzien eskualdatzeko soinua, eta ez Trianguloan. Ondoren, bordondantzariek aurreskua dantzatuko dute.
23:00etarako Zumarditxikian aurreikusitako Vulcano pirotekniaren su festa bertan behera utzi dute, eta ondorioz, ez da Zumarditxikia hustu beharko. Kalean txaranga 20:30ean hasiko da, 20:00etan beharrean. Gainerako ekitaldiak bere horretan mantenduko dira.
Ur botilak eta anbulantzia zerbitzua
Bero handia egingo duenez, Herri Babeserako boluntarioak eta Udaltzaingoa egongo dira prozesioan zehar laguntzeko; egun osoan zehar herriko zenbait gunetan ur botila hotzak banatuko dituzte herritarren artean eta Euskal Herria eta Alondegi plazetan lainoztagailuak egongo dira. Gainera, anbulantzia zerbitzua egongo da, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Auzoak
Gipuzkoako Foru Aldundiak landa-eremuetan San Joan sua piztea debekatu du, eta, horrez gain, udalak erabaki du auzoetan aurreikusita zeudenak ere bertan behera uztea, su bakarra segurtasun-neurri guztiekin egiteko. Hala ere, surik piztuko ez den auzoetan aurreikusitako egitarauarekin aurrera egingo dute; esaterako, Arramele, San Esteban eta Amarotz auzoetan.