Urteak dira Tolosako Udalak arte ikastaroak antolatzen dituela. Urtero, herritar ugari joaten da kultur etxera, askotariko diziplinak ezagutu eta horietan trebatzeko helburuarekin. Aurten, ia 200 herritarrek parte hartu dute pintura, eskulan, argazkigintza, ehoziri eta zeramika ikastaroetan, eta guztiek ikasturte amaierarako egindako lanak ikusgai daude Aranburu jauregiko bi solairutan. Uztailaren 4ra arte bisitatu daiteke erakusketa, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era, jaiegunetan izan ezik.
Bigarren urtez, Leire Markinez beasaindarrak koordinatu ditu ikastaroak. Iaz aritu zen lehen aldiz; lehenago, 2004az geroztik, pintura irakaslea izan zen. Jakitun da erakusketa antolatzeak zer lan duen. Hala ere, «erraza» izan dela aitortu du; «irakasleek asko lagundu didate».
Ikasleek ikasturtean zehar «jarrera baikorra» izan dutela eta horrek ikastaroetan «familia giroa» sortu duela nabarmendu du koordinatzaileak. «Ikasle gehienek urtez urte errepikatzen dute ikastaroetan, eta ikasle berriek lehen unetik izaten dute jarrera baikorra. Ondorioz, oso giro polita izaten dute». Markinezek gaineratu du irakasleak ere «oso gustura eta motibatuta» aritzen direla lanean, eta horrek gehiago aberasten duela giroa.
Aurten, 178 tolosarrek parte hartu dute ikastaroetan. Urteak dira ikasle kopuru altuak mantentzea lortu dutela. «Ikaragarria da eta oso pozik gaude», esan du koordinatzaileak. «Aurreko urtetik errepikatzen dutenak izaten dira gehienak, gustura aritzen direnaren seinale». Ikastaro jakin batzuek, gainera, arrakasta handia dute. Pinturan, esaterako, sei talde izaten dituzte urtero, eta seiak betetzen dira.
Ikasturtean zehar egindako lanak plazaratzea da erakusketaren helburua. «Ikastaroak dagoeneko errotuta daude herrian, baina beharrezkoa da landutakoa herritarrei erakustea. Gainera, motibagarria da ikasleentzat, artista sentiarazten dituelako», azaldu du Markinezek. «Edozein artelan gehiago estimatzen eta gozatzen da areto batean lantegi batean baino, artelanaren edertasun guztia erakusteko prestatuta dagoelako. Garrantzi handiagoa du, eta beste ikuspegi bat», esan du goierritarrak.
Longaron eta Anderson gogoan
Erakusketara begira, irakasle bakoitzak gai bana landu du ikasleekin, eta gai horren bueltako lanak egin dituzte. Pinturakoek, adibidez, Naiara Delgado irakaslearekin, Jose Luis Longaron artista tolosarra omendu dute. Ikasturtean zehar, ikasleek ariketa solteak egin dituzte zenbait teknika nola landu ikasteko. Akuarela, pastela eta arkatzarekin egindako lanak eta akrilikoa eta olio-pintura erabilita egindako koadroak eta oihalak jarri dituzte erakusketan. «Askotariko gaiak landu ditugu. Gero, libreki, bakoitzak gustuko marrazkiak egin ditu».
Aurten, 78 ikaslek parte hartu dute pintura ikastaroan. Ikastaro guztietako ikasleak batuta, ia erdia aritu da margolanak egiten. Gainera, belaunaldi bat baino gehiagoko herritarrek ikasi dute Delgadorekin. Ikasle gazteena 20 urtekoa izan da; zaharrena, berriz, 96 urtekoa. «Aniztasun honek giro polita sortu du taldean, eta lanerako atsegina izan da», esan du irakasleak.
Ikasle gutxien, berriz, Ura Iturralde argazkilariak izan ditu haren ikastaroan, argazkilaritzakoan. Guztira, 16 herritar aritu dira askotariko teknikak lantzen eta euren kamerei zukua ateratzen. Erakusketarako, berriz, gogoan izan dute Wes Anderson zinema zuzendari estatubatuarra, eta haren lana aitortzeko estiloa kopiatu diote ikasleek, simetriaren teknika eta pastel koloreak erabilita.
Natura, eskulanetan eta zeramikan
Haurrak ere izaten dira arte ikastaroetan; zehazki, eskulanetan aritzen dira. Aurten, 19 ume izan ditu Pili Aguadok, eta ikasturtean zehar naturaren gaia landu dute, eta bakarka zein taldean egindako lanetako batzuk aukeratu dituzte erakusketarako. Zenbait material erabili dituzte, hala nola papera, buztina, kartoia, artilea eta pintura. Esaterako, animaliak eta landareak egin dituzte birziklatutako paperarekin eta collage teknika erabilita. Formatu handiko marrazkiak, origamizko itsas animaliak eta photocall modura jarritako kartoizko mural handi bat ere badaude, Aranburuko erakusketarako espresuki margotutakoak.
Antzeko gaia landu dute zeramika ikastaroan. Zehazki, Natura eta izakia izan da erakusketarako egindako lanetarako erabilitako gaia. Pintura ikastaroarekin batera, arrakasta izan du, eta guztira 42 herritar izan ditu bere esanetara Jurema Martin irakasleak. Eskulturak eta pieza erabilgarri edo apaingarriak sortu dituzte ikasleek, hala nola loreontziak, lanparak eta txarroak.
Azkenik, 23 ikaslek parte hartu dute ehoziri ikastaroan. Arantxa Grajiarena izan dute gidari, eta zenbait teknika landu dituzte ikasturtean zehar. Erakusketarako, amantalak, eskuoihalak eta artilezko xalak egin dituzte.