Sanjoanek iraun bitartean trafikoan eta autobusen zerbitzuetan izango diren aldaketen berri eman du Udaltzaingoak. Hauek dira aldaketak, egunez egun.
Ekainak 20, larunbata. Kuadrilla Eguna
- Trafiko-mozketa:
- Rondilla kalea: 10:00etatik aurrera, itxita egongo da ibilgailuentzat, Kuadrilla Eguna dela-eta (musika-eskolaren paretik Trianguloa plazara). Garajeetara, Inpernu kaletik sartu beharko da. 22:00etan zabalduko da berriz.
- Kotxez hustu beharko dira hauek:
- Rondilla kalea, 07:00etarako: kalea ibilgailuentzat ixteaz gain, kotxez hustu beharko da Emakumeen plazaren paretik Trianguloa plazara, baita Trianguloko zamalanen gunea ere.
- San Frantzisko pasealekua (elizatik Gernikako Arbola lorategietara) 06:00ak baino lehen hustu beharko da: goizean, Euskal Herria plazako azoka San Frantzisko pasealekuan egingo da. Postuak kentzen direnean, berriro ere aparkatu ahal izango da bertan.
- Kale Barrena: ezingo da aparkatu, egun osoan.
- Autobus-geralekuak:
- Egun osoan, Rondilla kalean eta San Frantzisko elizaren parean dauden autobus-geltokietan ez da autobusik geldituko, ez eta Hiribusa ere. Santa Klarako geltokia erabili beharko da horien ordez. 22:00etatik aurrera, berriro ere, ohiko geralekuetara itzuliko dira autobusak.
Ekainak 21, igandea
- Rondilla kaleak itxita jarraituko du garbiketa-zerbitzuko langileek kalea garbitzen amaitu arte. Goizean irekiko da kalea berriro. Kotxez hustu beharko da dira Trianguloa plazako zamalanen eremua, estropadak direla-eta, traineruak eta bestelako materiala deskargatzeko erreserbatuko baita. Kale Barrenan ezingo da aparkatu, egun osoan.
Ekainak 23, asteartea. San Joan bezpera
- Trafikoan etena izango da leku hauetan:
- Naparzubia: San Joan su txikia eta San Joan sua egiten den bitartean, itxita egongo da. Hori dela eta, Alde Zaharreko garajeetarako sartu-irtenak Felipe Gorriti plazatik egin beharko dira, urtero bezala.
- Kotxez hustu beharko dira leku hauek:
- Zumarditxikia (07:00etarako): hurrengo egunean, su artifizialak prestatzen ariko dira goizean hasita. Horregatik, eremua libre utzi beharko da bezperan. Ekainaren 25ean, garbiketa-lanak egin bezain pronto zabalduko da.
- Kale Barrena: ezingo da aparkatu, egun osoan.
Ekainak 24, asteazkena. San Joan eguna
- Trafikoa moztuko da leku hauetan (08:00-00:00):
- Rondilla kalea: San Joan eguneko ospakizuna dela-eta, Rondilla kalea itxita egongo da ibilgailuentzat, musika eskolaren paretik Trianguloa plazara arte.
- Alde Zaharreko trafikoa goiz osorako moztuko da.
- Eten puntualak izango dira arratsaldean, eskopetarien konpainiak eta Udalbatza pasatu ahal izateko. 17:00etatik 18:00etara, Larramendi kalean (Izaskungo aldapatik joateko gomendioa egiten da). 18:45ean eta 20:00etan, Santa Klara kalean ere etenak egingo dira. Hortaz, ordu horietan eremu horietan ez ibiltzeko gomendatzen da.
- Santa Klara kalea erabat itxiko da, su artifizialengatik, 22:45-23:45 tartean, gutxi gorabehera. Suhiltzaileek eremua garbitutakoan zabalduko da.
- Kotxez hustu beharko dira leku hauek:
- Rondilla kalea (goizeko 06:00etarako): kalea ibilgailuentzat ixteaz gain, kotxez hustu beharko da Emakumeen plazaren paretik Trianguloa plazara arte, Trianguloko zamalanen eremua eta aparkalekuak barne.
- Kale Barrena: ezingo da aparkatu, egun osoan.
- Autobus-geralekuak:
- Egun osoan, Rondilla kaleko eta San Frantzisko elizaren pareko autobus geltokietan ez da autobusik geldituko. Erabiltzaileek Santa Klarako geltokia erabili beharko dute.
Ekainak 25, osteguna
- Rondilla kalean ezin izango da kotxerik aparkatu goizean, garbiketa-zerbitzuko langileek kalea garbitzen amaitu arte. Goizean irekiko da kalea berriro.