1996an sortu zen Et Incarnatus orkestra. 30 urtetan kontzertu ugari eman ditu, eta zenbait musika talderen proiektutan parte hartu du. Astelehenean, San Joan jaien atariko ohiko saioa egingo du, solstizio kontzertua alegia. 27. aldiz egingo dute Iraolaneko zuloan, 19:30ean hasita.
Migel Zeberio orkestrako zuzendari tolosarrak aurreratu du «kontzertu berria» izango dela, «lehenago inoiz egin gabea». Gogoan izango dituzte urteetan orkestraren saioetan kolaboratzaile izan diren hiru artista: Mitxel Longaron bateria-jotzailea, Edorta Matauko itzultzailea eta Javier Lakunza gaiteroa. Besteak beste, Iruñeko eta Baigorriko gaiteroek, Agurain inguruko lautadako ikasleen orkestrak eta Xabier Berasaluze Leturiak parte hartuko dute kontzertuan.
Askotariko obrak joko ditu orkestrak, berriak nahiz ez hain berriak, tartean, eta lehen aldiz, Norvegiako eta Suediako doinuak. «Duela 20-25 urte bi tronpeta eta orkestrarako egindako obra indartsu eta delikatu bat ere joko dugu», esan du Zeberiok. Kasu honetan, tronpeta- eta klarinete-jotzaile bana ariko dira bakarlari orkestrarekin. «Egunsentiko eguzki printzak izena du, eta bat egiten du udako solstizioaren fenomenoarekin», gaineratu du zuzendariak.
Tolosarrak aitortu du orkestrak «publiko leialari esker» bete dituela 30 urte. «Bikain erantzuten dute kontzertu guztietan; Tolosan, behintzat, gure sostengu nagusia dira, tamalez, sekula ez dugulako izan taxuzko bestelako sostengurik. Kontzertu gehienak Tolosan egin ditugu, baina erakundeen babes aldetik orkestraren sehaska Baigorri da».
Publikoaren sostenguaren adibide garbia izaten da solstizio kontzertua. «Harrotasun puntu batekin esan dezaket zaila dela kontzertuak egiteko gure modua bezalakorik topatzea». Zeberioren iritziz, ordea, sanjoanen atarikoa ez da kontzertu soil bat, testuinguruagatik. «30 urte hauetan guk kontzertuak egitea ahalbidetu duten lagun multzo zoragarriagatik bakarrik indar handiagoa du. Dena ez da musika, orkestrak hori baino gehiago transmititzen du, eta hori multzo horri esker da».
Kanariar uharteetan
Bi urtez behin, Et Incarnatus orkestrak, Urtanta ekimena antolatzen du. Aurten, Urmuga oinarri hartuta hirugarren urtez Kanaria uharteetan egiten ari diren Contramapas ekimenarekin elkarlanean ari dira. «Maiatz amaieran hasi ginen ekitaldiekin Hierro eta La Palma uharteetan, eta uztailaren 17tik 19ra jarraipena izango dute Bidasoa inguruan».