Elkarrizketa

«Harrotasuna eta poza ematen dit aukera honek»

Imanol Garcia Landa 2026ko ekainaren 17a

Bere bizitzako kluba da Aitor Garciarentzat Tolosa Eskubaloia. Hainbat urtez lehen taldeko jokalaria izan eta gero, orain entrenatzaile izendatu dute.

Aitor Garcia (Donostia, 1999) da Tolosa Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria.

Zer suposatzen du zuretzat lehen taldeko entrenatzaile izateak?

Lehenik eta behin poz handia. Nire bizitzako kluba da hau, hemen daramatzat jokalari eta entrenatzaile bezala urte asko, eta klubak niri aukera hau emateak harrotasuna eta poza ematen dit.

Bukatu berri den denboraldian zertan aritu zara?

Azken bi-hiru urte hauetan gizonezkoen ataleko koordinatzaile moduan aritu naiz, jubenilen eta senior mailako bigarren taldeko entrenatzaile eta lehen taldeko jokalari. Lan pixka bat banuen bai.

Nola sentituko zara jokalari izateari utzi eta bakarrik entrenatzaile izatean?

Alde batetik pena handiarekin, oraindik jokalari bezala jarraitzeko indarrarekin ikusten bainintzen eta kantxan zer edo zer gehiago emateko. Baina aukera hau izanda, ezin nuen ezetz esan. Bestalde, nire taldekide izan direnei entrenatuko diet, urte askoz izan dira nire taldekideak eta asko nire lagunak dira. Beraz, lan handia egin behar da bereizteko noiz garen lagunak eta noiz entrenatzaile eta jokalari.

Hori betetzea zaila izango da?

Nire postuarengatik eta rolarengatik pixka bat liderra nintzela esan daiteke, baina orain ezberdina izango da. Halere, ez nau kezkatzen, denok badakigulako hemen zertarako gauden eta zer helburu ditugun.

Zer balantze egiten duzu bukatu berri den denboraldiaz?

Bosgarren bukatu dugu eta nire ustez denboraldi ona izan da. Azken urteotan ari gara ohitzen beti seigarren, bosgarren edo laugarren egiten, eta gogoratu behar dugu ez dela erraza postu horietan amaitzea. Aurrera begira ere, sailkapenean ahalik eta postu gorenean amaitzea izango da gure helburua. Horrez gain, nire helburua izango da jokalariei transmititzea partida guztiak lehiatu eta dena ematea.

Taldean zer aldaketa izango dira?

Nitaz gain beste hiru jokalarik utzi egingo dute. Bestalde, gauzak aldatuko dira entrenamenduetan eta jokatzeko moduan, baina esentzia iguala izango da. Oso giro ona dugu, beti izan dugu lehiatzeko grina, eta horri eutsi egingo diogu talde bezala.

Alex Nogues entrenatzailearengandik asko ikasiko zenuen.

Noski baietz. Alex izan da nire entrenatzaile erreferente azken urteotan, eta berak ipini zituen gauza asko geratuko dira hemen Tolosan. Adibidez, erritmo asko jartzen diogu jokoari, defentsa oso gogorra dugu, eta hori Alexek ezarri zuen orain urte asko. Hori mantenduko da. Gero erasoan izango dira aldaketa batzuk, baina ez dira izango oso nabarmenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!