Tolosako Udalak orain urte batzuk erosi zuen aldi bereko interpretazioa egiteko maleta. Horren bidez, euskaraz egin daitezke jarduerak, euskaraz ez dakitenekin komunikazioa bermatuta. Urteotan udalak erabili du hainbat ekintzatan (hitzaldiak, lan-saioak, kontseiluak…), eta aurrerantzean herriko eragileek ere erabili dezakete.
Irrati-frekuentzia bidez funtzionatzen du interpretazio-maletak: alde batean, igorlea dago, aldi bereko interpretazioa egiten ari den itzultzailea, eta bestean, hartzaileak, aurikularrekin, itzulpena jasotzen dutenak. «Euskarazko jarduna oztopatu gabe, eroso egin daitezke jarduerak, gaztelaniara jo beharrik gabe edo bi hizkuntzetan bikoiztu beharrik gabe», azaldu du udalak. Gero eta eremu gehiagotan ari dira erabiltzen gisa horretako teknologiak, eta udalaren asmoa da herriko eragileei erraztasunak ematea euren jarduerak euskaraz egin ditzaten.
Ikastetxeek, familia-elkarteek, herrian egoitza duten elkarteek, herrian jarduerak antolatzen dituzten askotariko eragileek eta jendaurreko jardueraren bat antolatu duten norbanakoek eskatu dezakete maleta. Lehenik, eskaera-orria aurkeztu behar dute. Eskatzailearen datuez gain, maletaren erabilerari buruzko xehetasunak eman behar dituzte: zer jardueratan erabili nahi den, non eta noiz. Gutxienez, ekitaldiaren eguna baino zazpi egun lehenago aurkeztu behar da, eta bi modutara egin daiteke, legeak zehaztutako bestelako bideei kalterik egin gabe: udalaren egoitza elektronikoan edo Udate herritarren arreta zerbitzuan.
Eskaera egitean, eskatzaileak bere gain hartuko ditu zenbait betebehar: tresneria behar bezala erabiltzea eta zaintzea, jarraibide teknikoak betetzea, tresnak hirugarrenei ez lagatzea, edozein gorabeheraren aurrean berehala jakinaraztea eta kalte-galerarik egotekotan erantzule egitea. Udalak konponketaren edo birjarpenaren kostua eskatu dezake, eta etorkizuneko lagapenak ukatu.
Udalak eskaera onartuz gero, eskatzaileak udaletxera joan beharko du materiala jasotzera. Materiala udaletxetik atera aurretik, jaso izanaren agiria sinatuko du eskatzaileak. Ondoren, finkatutako epean itzuli beharko du materiala, osorik eta egoera onean. Maletaren erabilerari buruzko informazio gehigarria eskatuko zaio onuradunari, jarraipena egiteko.
Beste maleta bat
Herriko eragileei maleta erabiltzeko aukera ematearekin batera, interpretazio-maleta berria erosi du udalak, orain arte erabilitakoak funtzionalitate-muga batzuk baitauzka. Beraz, bi maleta izango dira erabilgarri orain: batek 20 hargailuko sistema du, eta besteak, 50 hargailukoa.