Tolosand Blues jaialdiaren lehen edizioa. 2005eko ekainaren 5a, igandea. 21:00etan hasi da asteburuko azken kontzertua Plaza Berrian. The Blues Blaster talde andaluziarra igo da oholtzara. Haiek ikusten, gehienez, 25 lagun; haietako bat da Iñigo Martin tolosarra, bluesaren zale amorratua eta jaialdiaren koordinatzailea.
Garai hartan Euskadi Irratian musika saio batean kolaboratzen zuen Martinek, eta urtebete lehenago, Jokin Ansorena udaleko kultura teknikariari adierazi zion blues talde onak ikustera herritik urrun joan behar zela eta galdegin zion ea zergatik ez zituzten herrian kontzertuak antolatzen. Ansorenak proposamena onartu zuen, eta Martinek 2005eko ekaineko lehen astebururako antolatu zuen gerora Tolosand Blues izenarekin ezagutzen den jaialdiaren lehen edizioa. Hurrengo edizioetarako ekaineko azken asteburura aldatu zuten. 21 urte beranduago, hasierako helburu berarekin jarraitzen dute antolatzaileek: blues musika tolosarrei helaraztea.
«Orain, atzera begira, jabetzen naiz lehen urteak ez zirela samurrak izan; zeharkaldi gogorra izan zen, herritarren erantzun eskasagatik», onartu du Martinek. Hala ere, nabarmendu du jaialdia tolosarren egutegian «sendotu» dela, eta bi hamarkadatan gehien aldatu dena ikusleen erantzuna izan dela. «Ikusi dute musika gustagarria dela, eta kalitate handiko taldeak etortzen direla. 2005eko kontzertu hartan ez nuen pentsatzen honaino helduko ginenik», esan du jaialdiaren koordinatzaileak.
Lehen edizio hartatik, publikoaren erantzuna nabarmen handitu dela esan du Martinek. «Jaialdia errotu egin da eta herritarren nahiz kanpotik etortzen direnen egutegi imajinarioan gorriz markatutako datak izaten dira. Geroz eta garrantzi handiagoa du jaialdiak haientzat». Koordinatzaileak argi dauka zein den arrakastaren arrazoia: «Entzuleak segituan egiten du bat blues musikarekin. Berehalako komunikazioa dago artistaren eta publikoaren artean, eta ia nahigabe, dantzan jartzen zaitu. Engantxatu egiten du. Horrez gain, beti izan ditugu mundu mailako izarrak Tolosan».
Primerren ahalegina
Jaialdiak aurrera egiteari esker, aurten 22. edizioa antolatu dute. San Joan egunaren biharamunean hasiko da, eta igandean amaitu. «Arrakasta izaten du jaialdia festen ondoren egiteak, eta jai giroari jarraipena emateko aitzaki ederra izango da», adierazi du Martinek. Zortzi kontzertu izango dira, «xarma eta tradizio handiko plazetan». John Primer eta Acantha Lang estatubatuarrak izango dira izar nagusiak. Lehenak, Giles Robson Band taldearekin joko du, 82 urte ditu, eta iaz eta aurten Blues Tradizionaleko Artista Onenaren saria jaso du.
Tolosand Blues jaialdiaren edizio bakoitza antolatzea «puzzle bat egitearen parekoa» dela aitortu du koordinatzaileak. «Talde motak, aniztasuna, taldeen nahia eta eskuragarritasuna… guztia koadratu behar da, eta ondoren, gure aurrekontu mugatuarekin egokitu». Talde motorra beti saiatzen da programazio zabala eta aberatsa prestatzen, publiko orokorrarentzat gustagarriak izan daitezkeen estilo desberdinetako taldeak ekartzen alegia. «Egitaraua blues mota bera egiten duten taldeekin osatuko bagenu, oso monotonoa izango litzateke», esan du Martinek.
Jaialdiaren sustatzailea urrian hasi zen Primerren managerrarekin hizketan. «Hasiera batean, ez zuen birarik egiteko asmorik, baina azaro amaieran lotu genuen kontzertua, kontzertu gehiago egiteko hitzorduak lotu zituelako. Txalogarria da egingo duen ahalegina», nabarmendu du Martinek. Paul San Martin piano-jotzaile donostiarrak joko du berarekin. «Nik eskatu nion managerrari, oso ona delako. Bizpahiru kantu jo zitzakeela esan zidan. Iaz, Shawm Pittmanekin gauza bera egin genuen, eta hasieran bizpahiru abesti jotzea nahi zuten, baina soinu frogan haren kalitateaz jabetu ziren, eta azkenean kontzertu osoa jo zuen».
Lehen aldiak
Primer lehen aldiz etorriko da Tolosara, baita The Cherry Boppers talde bilbotarra eta Slow Times Blues Band talde zarauztarra ere. «Beti saiatzen gara talde berriak ekartzen, baina, noizean behin, batzuek errepikatu egiten dute». Aurten, bi talde ariko dira bigarren aldiz blues jaialdian: 2020an ere etorri zen Big Dani Perez, eta 2018an etorritako David Giorcelli eta Ster Wax. «Guretzat ohore handia da errepikatu nahi izatea; aurreko aldian gustura egon zirenaren seinale delako».
Bada lehen aldiz egingo duten beste ekintza bat, egitarauan txertatu ez dutena. Aurtengo berritasun nagusia da. Larunbatean, Primerren kontzertua eta gero, festa giroak jarraipena izango du Gorriti plazako Iparra tabernan. Ordu eta erdiz, soul, blues eta funky musika jarriko dute.
EGITARAUA
The Cherry Boppers & Patricia Reckless
Ekainak 25, osteguna. 20:00. Euskal Herria plaza.
The Cherry Boppers 2004an jaio zen Bilbon. Konbo indartsua da, jaialdia hasteko proposamen erakargarria. Bere asmoa hasiera-hasieratik argia da, iragan hamarkadetako musika beltzaren erritmo zoragarriak zabaldu eta horiez gozatzea: jazzaren sakontasuna, soularen dotorezia, funkaren dantza izerditsua...
Slow Times Blues Band
Ekainak 26, ostirala. 19:30. Gipuzkoa Plaza.
2016an sortu zen Zarautzen, Iker Urkiri gitarristaren proiektu gisa. Taldeak hainbat formazio izan ditu, baina gaur egungo laukoteak eszenatokian energia, sentsibilitate eta soul dosi handia eskaintzen du. Texasko eta Chicagoko bluesa, swing-a eta rock & roll klasikoa nahasten dituzte, eta horrek estilo oso berezia ematen die zuzenean.
Big Dani Perez & The Rhythm Kings
Ekainak 26, ostirala. 23:00. Txurreria.
Big Dani Perez Espainiako saxofoi-jotzaile aitzindarietako bat, gaur egun ospetsuenenetakoa. 1979an jaio zen Bartzelonan eta 7 urterekin haize-instrumentuak jotzen hasi zen. Gaztea zela, rock & roll, Jump Blues edota Boogie Woogie estiloetan trebatu zen. 1990eko hamarkadaren hasieran saxofoia deskubritu zuen, eta azken hiru hamarkadetan The Big Jamboree banda ospetsuan parte hartu izan du.
Txus Blues & Cesar Canut
Ekainak 27, larunbata. 13:00. Lopez-Mendizabal pasealekua.
20 urtetan Espainian zehar jo eta Jose Bluefingersekin batera zazpi disko argitaratu ondoren, Txus Bluesek Cesar Canut hautatu zuen bere proiektuari «energia berria» emateko. Haien konposizioez gain, bluesa, rocka edo beste edozein estiloetako abestiak blues akustiko estandarraren formatura aldatzen dituzte, eta, modu argitsuan, ironiaren bitartez, egunerokotasuneko gaiei buruzko letrak (gaztelaniaz eta katalanez) abesten dituzte. Ustekabe polita izango da.
Wax & Boogie feat. Pablo Sanpa
Ekainak 27, larunbata. 19:30. Plaza Berria.
1930eko hamarkadako boogiea, 1940ko hamarkadako swinga eta 1950eko hamarkadako rhythm & bluesa dira Bartzelonako boskote honen errepertorioaren oinarria. Maila handiko taldea da: Pablo Sanpa puntako gitarra-jotzaile madrildarra, Ster Wax abeslari bikaina eta David Giorcelli gaur egun Europan dagoen piano-jotzaile onenetako bat dira taldeko kideak. Erritmo handiko emanaldia egingo dute.
John Primer & Giles Robson Band
Ekainak 27, larunbata. 23:00. Plaza Berria.
Primerrek urrezko ukitua izan du hamarkada luzez. South Sideko (Chicago, AEB) tabernetan entzuten zen blues gordinarekiko kidetasun harrigarria indartu egin zen gitarra jotzen igarotako gau kontaezinetan. Gaur egun, Chicagoko bluesaren tradizioaren zaindari nagusitzat jotzen da, eta iaz eta aurten Blues Tradizionaleko Artista Onenaren Saria jaso du Blues Music Awards sarietan. Distira horrek Robson kutsatu du, eta haren trebetasun teknikoak, irudimen diziplinatuak eta erabateko konbikzioak mundu mailako blues harmonika-jotzaile nabarmenen artean kokatzen dute. Paul San Martin piano-jotzaile donostiarrak joko du Primerrekin.
Breaking Band
Ekainak 28, igandea. 13:00. Trianguloa plaza.
Rock, funk eta blues tradizionaleko klasikoen bertsioak egiten dituen taldea da. Sei musikari sutsu dira, eta haien soinua B.B. King, Beatles, Pata Negra, Elvis eta abarren elezaharrei egindako omenaldia da.
Acantha Lang
Ekainak 28, igandea. 19:30. Plaza Berria.
Acantha Lang gaur egungo soul musikako artistarik nabarmenetako bat da. New Orleansen (Louisiana, AEB) jaioa, abeslari eta konpositoreak Tolosand Blues jaialdian joko du, ikuskizun zirraragarri, dantzagarri eta dotore bat eskaintzeko, estudioko sei musikarik osatutako bandarekin batera.