Bi urtez behin, sanjoanen atarian, kontzertu berezia egiten du Tolosako Udal Musika Bandak. 2024an, esaterako, Sorotan Bele taldearekin batera, haien kantu ezagunenak interpretatu zituzten. Larunbatean egin zuen aurtengo saioa, Euskal Herria plazan, Denbora Band izenburupean.
Euskal Herriko pop eta rock talde ezagunen kantuekin osatutako errepertorioa interpretatu zuen bandak, Enrike Arostegiren zuzendaritzapean. Hala nola, Gozategi, Esne Beltza, Janus Lester, ETS eta Barricada taldeen kantuak jo zituzten, baita Mikel Laboaren Txoria txori eta Anje Duhalderen Gogoaren baitan ere. Kontzertuaren amaieran, sorpresa bat izan zen. Kontzertua ikusten ari zen Aiora Zulaika Pirritx gonbidatu zuten oholtzara, eta Maite zaitut abestia jo eta abestu zuten.
Xabier Zabala musikari eta konpositoreak egin zituen bandarako moldaketak, eta hark ere parte hartu zuen kontzertuan. Kalitate handiko musikari gehiagoren laguntza izan zuen bandak: Janus Lester taldeko Jabi Etxarri gitarra-jotzaile tolosarra, Sorotan Bele taldeko Ritxi Salaberria baxu-jotzaile hondarribiarra eta Vendetta eta Modus Operandi taldeetako Enrikko Rubiños bateria-jotzaile ibartarra. Bestetik, Demode Quartet taldeko Joli Paskualenak eta Iker Huizik jarri zieten ahotsa kantuei.
Musikaz gozatu bitartean, zenbait belaunaldi batuko zituen giro berezia sortu nahi zuten antolatzaileek, eta lortu zuten helburua. Adin desberdinetako herritar ugari joan zen kontzertua ikustera. Bidaia musikal bat izan zen.
Argazkiak: Iñigo Goñi.