Beste urte batez, Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako ikasleek Zerkausian egingo dituzte ikasturte amaierako kontzertuak. Emanaldiak 19:00etan izango dira, gaurtik ostegunera bitarte.
Musika eskolako irakasleek adierazi dutenez, «programazio zaindua» izango dute kontzertuek, eta ikasleekin ikasturtean zehar egindako lana eta ahalegina islatuko dute. «Aniztasuna izango da ezaugarri, bakarlariak, ganbera-formazioak eta talde zabalagoak arituko dira, eta askotariko musika tresnak eta estiloak ikusi eta entzuteko aukera izango da. Finean, musika eskolan zer talentu sortzen ari den erakutsiko dute, baita hezkuntza-eskaintza zein aberatsa den ere», azaldu dute.
Matrikulazioa
Bestalde, gaur ireki dute 2026-2027 ikasturtean Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolan aritzeko ikasle berrientzako matrikulazioa, lehen aldiz matrikulatuko direnentzako, alegia. Ostiralera bitarte eman daiteke izena. Matrikula udalaren egoitza elektronikoan egin daiteke edo musika eskolako idazkaritzan (Rondilla kalea, 34), matrikulazio-orria aurkeztuta. Bigarren aukerarako, honakoa da ordutegia: astelehenean eta asteartean, 09:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara, eta asteazkenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era. Irailaren 1etik 11ra, kasu berezietarako eta hutsik dauden postuak betetzeko matrikulak jasoko dituzte, joan ahala.
Maila eta ikasketa hauek eskaintzen dituzte musika eskolan:
- 1. zikloa (4, 5 eta 6 urtekoentzako ikastaroak): jolasak, kantuak, entzumena, erritmoa.
- 7 urtetik aurrera: musika irakurri eta instrumentuak ezagutu.
- 2., 3. eta 4. zikloak (8 urtetik aurrera): instrumentua, musika-hizkuntza, taldeak eta korua.
- Helduak (18 urtetik aurrera): musika-hizkuntza, instrumentua, taldeak eta korua.
Edozein zalantza argitzeko, musika eskolara joan (Rondilla kalea, 34B), telefonoz deitu (943 65 44 66; luzapenak: 710, 711 edo 712), edo mezu bat idatzi (musika@tolosa.eus) daiteke.