Tolosaldeko ospitale publikoa izan dute hizpide gaur, Legebiltzarreko Osasun batzordean. EH Bilduk eskatutako agerraldia izan da, eta luze eta zabal aritu dira 2028an eraikitzen hasi asmo duten, eta 2031rako bukatutako egongo den ospitaleaz.
Rebeka Ubera legebiltzarkideak hartu du hitza lehenik, eta agerraldia berandu datorrela esan du –2025eko urriaren 21ean eskatu zuen–. Bitarte honetan plan funtzionala eskatu dutela esan du, baina bukatuta ez zegoela erantzun zutela eta horregatik ez zutela jaso, «nahiz eta lizitazioa aterata egon eta zerbitzu zorroa zehaztuta; beraz erakundearekiko leialtasuna kolokan jarri da».
Behin plan funtzionala jasota –pasa den apirilean–, bi alderdi nabarmendu ditu: aukera «paregabea» galdu dela adostasunez lanketa elkarlanean egiteko, eta ospitalea baino azpiegitura «satelite» bati buruz hitz egiten dela plan funtzionalean. Galderak plazaratu ditu: «hitz egin al da Asuncion Klinikako jabe den Inviza enpresako jabearekin? Aztertu al dira ospitale publiko berri bat egitearen alternatibak?, azpiegitura berria egin bitartean trantsiziorako funtzionamendurako dokumentu bat dago, zergatik ez dugu jaso dokumentu hori?...». Legebiltzarkidearen hitzetan plan funtzionalaren arabera Tolosaldeko ESIak eskaintzen dituenak baino zerbitzu gutxiago eskainiko dira ospitale berriarekin. «Zementuan gastatu baino, profesionaletan gastatu behar da», esan du. Eta gogoratu du Asuncion Klinikak 1989tik hona jaso duen dirua: zerbitzu publikoa eskaintzeko akordioen arabera 399 milioitik gora euro, Ekonomia sailetik inbertsioetarako emandakoak, azken urteetan egindako lanak... «Ez al da hobea Asuncioneko publifikazioa aztertzea?».
Alberto Martinezen erantzuna
Alberto Martinez Osasun sailburuak Aritz Uriarte Administrazio eta Finantzazio Sanitarioko sailburuordearekin, Maite Martinez de Albeniz Donostialdea ESIko zuzendari gerentearekin, Xabier Zubeldia osasun-arloko medikuarekin, eta Amparo Asenjo familia-arloko medikuarekin batera egin du agerraldia, plan funtzionalean parte hartu duten edo Tolosaldea eta Donostialdea ESIen arteko asistentzia-mailen arteko koordinazioan aritzen diren profesionalekin, alegia.
Alberto Martinezek esan du eskualdearentzat onena nahi dutela, eta ospitale publiko berria ez dela azpiegitura hutsa, «osasun eredu publiko berri bat» definituko baitu. Sailburuaren ustez, Eusko Jaurlaritzak Tolosaldearekin duen konpromisoa irmoa da eta herritarren aldarrikapen historiko bati emandako erantzun argia. «Zentro berriak orain arte baino zerbitzu eta espezialitate gehiago izango ditu, eta lurralde osoan arreta publikoa hobetzeko pentsatutako asistentzia-berrantolaketaren parte izango da».
Horiek horrela mezu nagusi bat helarazi nahi izan du Martinezek: «Proiektu hau ez da eraikin hutsa; osasun-ereduaz ari gara». Ildo horretan azaldu du proiektua ez dela azpiegitura berri bat eraikitzea, baizik eta herritarrak zaintzeko beste modu bat definitzea, arreta koordinatuagoa, hurbilagoa eta Tolosaldeko herritarren benetako beharretara hobeto egokitua lortzeko.
Parte hartzea
Gehitu du prozesua «luzea, zorrotza eta partekatua» izan dela eta osasun-arloko profesionalekin, eskualdeko alkateekin –2024an behin bildu zela, eta 2025ean hiru aldiz bildu zela esan du–, gizarte-eragileekin, sindikatuekin –ELA eta LAB–, eta TOPA plataformarekin egindako bilerak gogoratu ditu –bi, «oso aberasgarriak»–. Halaber, Topic-en joan den den urrian herritarrekin egindako saioa ere nabarmendu du. «Entzute-prozesua eta profesionalen parte-hartzea bermatu dira».
Ospitale bat eskualdearentzat
Sailburuak azaldu duenez, ondorio partekatua argia da: Tolosaldeak ospitale publiko bat behar du, baina, horrez gain, beharrezkoa da ospitale hori sistema zabalago batek barne hartzea. Hori dela eta, etorkizuneko zentroa Donostialdeko ESIarekin, bertako profesional espezialistekin eta euskal sistema publikoko konplexutasun handiko baliabideekin konektatuta egongo da. «Helburua da osasun arloko emaitzak hobetzea, asistentziaren jarraitutasuna indartzea eta arreta segurua, gizatiarra eta jasangarria bermatzea».
Martinezen arabera, etorkizuneko ospitalea ez da «zentro generikoa» izango, Tolosaldeko osasun-errealitatearen arabera berariaz pentsatutako baliabidea baizik. «Plan funtzionalaren abiapuntua izan da gaur egungo eta etorkizuneko biztanleria, gaixotasun-karga eta eskualdean lehendik dagoen asistentzia-jarduera aztertzea, egitura bera lurraldeak behar duen funtzionalitatera egokitzeko».
Zerbitzu eta espezialitate gehiago
Tolosako ospitale publiko berriak zerbitzu-zorro zabala eskainiko duela esan du, eskualdeko beharretara egokituko dela eta honako hauek izango dituela, besteak beste: kanpo kontsultak, jarduera kirurgiko programatua, ospitalizazioa, prozedura-gelak, larrialdiak, irudi eta laborategi bidezko diagnostikoa, errehabilitazioa eta etxeko ospitalizazioa. Gainera, espezialitate gehiago izango dituela azpimarratu du, hala nola kardiologia, neurologia, ginekologia, traumatologia eta barne-medikuntza, eta diagnosi-teknologia aurreratua izango du, erresonantzia magnetikoa, OTA, ekografia eta ohiko erradiologia barne. Endoskopia-unitate bat, eguneko ospitale medikoa, laborategia, farmazia-zerbitzua, errehabilitazioa, etxeko ospitalizazioa eta larrialdietarako base bat ere aurreikusten ditu zentroak.
Martinezek esan du ospitale berriak aukera emango duela osasun-arazo gehiago konpontzeko gaixoen etxetik gertu, kalitatea bermatuta eta beharrezkoak ez diren deribaziorik gabe. Era berean, Donostia Unibertsitate Ospitalearekin lotura bizkorra izaten jarraituko duela azpimarratu du, konplexutasun handiko kasuetarako, eta profesionalak eta zirkuitu klinikoak partekatuko dituzte. «Dagoeneko lanean ari gara» laburbildu du, «hemendik aurrera asistentzia hobetzeko, etorkizuneko ospitalea eraikitzen den bitartean».
Asuncion publifikatzeari buruz esan du klinikak 60 urte baino gehiago dituela, eta ospitale berriak XXI. mendeko osasun asistentzia ereduari erantzun behar diola, bai gaur egungo eskualdeko herritarren beharrak asez, eta baita etorkizunean sortuko direnak ere. Asunciongo egungo langileei buruz ere hitz egin dute. Martinezek esan du deialdi zehatz bat egin nahi dutela langile horien antzinatasuna aintzat hartuz ospitale berrian txertatzeko, eta horri buruzko proposamen bat egin diela sindikatuei. Osakidetzako Mahai Sektorialean landuko dute gaia.
PSE-EEko Ekain Rico ordezkariak Osasun sailaren jarrera txalotu du, Asuncioneko langileak ospitale berrian integratzeko egiten ari den ahalegina gogoratuz. Eta EH Bilduko ordezkariak esan dio langile horien etorkizuna bere ardura dela, eta ardurak onartu ordez, sindikatuei pasa diela ardura.
Lizitazioa
Ospitalearen proiektua idazteko lizitazioari dagokionez, Martinezek esan du zazpi eskaintza jaso dituztela, eta aste honen bukaeran esleitzea espero dutela.
Horiek horrela, aurreikuspenen arabera, Iurramendiko 8.445 metro koadroko eremuan egingo dute ospitalea, eta horretarako Tolosako Udala ari dela lursaila Jaurlaritzari lagatzeko pausoak ematen –bi lursail erosteko prozesua bukatu zain daude–, eta eraikuntza-lanak 2028. urtearen erdialdean hasi eta 2031n amaituko direla esan du. Eraikinak zazpi solairu izango ditu, horietako lau gainazalean eta beste hiru lurpean. Hiru horietako bi aparkalekuak izango dira.