Gustura zeuden sari banaketan Josu Urrestarazu idiazabaldarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra lortutako garaipenarekin. T2T mendi lasterketako 24,4 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positiboa gainditzen lehenengoak izan dira. Urrestarazuk beroa ondo hartzen duela esan du: «Neguan hotzarekin asko sufritzen dut, eta desiratzen egoten naiz urteko sasoi hau iristeko. gozatu egin dut, baina beldurra ere banuen, badakidalako beroarekin errendimendu onena izaten, baina besteekin alderatuta nirea gailentzen da, eta aprobetxatu ahal izan dut. Sari potoloa lortzeko aukera izan dut, eta orain baloratzen ari naiz». Erroizpe/Larte pasatu eta gero lehenengo postuan jarri da, eta hori baliatu du jaitsieran giharrak babesteko, gero Belabieta eta Uzturre aldean korrika egin ahal izateko. «Lasterketa kudeatzen joan naiz, erritmoa asko kontserbatu ahal izan dut, eta horrek baimendu dit helmugara indartsu iristea». Lau aldiz parte hartu dagoeneko T2T lasterketan, eta lehenengo aldiz lortu du txapela janztea. «Bigarren ere izan nintzen, eta lehenengo postu hau egitea falta zitzaidan hemen Tolosan».
Lehenengo aldiz parte hartu eta proba irabazi du June Agirrezabalaga zarauztarrak. «Oso ondo joan da egia esan. Atera naiz ondo pentsatuz nola joan, nire onena eman ahal izateko, eta ikusi dut atzetik aurrera oso indartsu nindoala, jendea aurreratzen, eta pentsatu dut gorpuzkera ondo izan bitartean aurrera egingo nuela, eta helmugara oso ondo iritsi naiz». Berarentzako lasterketa aproposa dela esan du, korrika asko egiten delako. «Oso karrera polita izan da. Antolakuntza aldetik ere oso ondo dago, jende pila dago gailurretan, eta asko animatzen dute».
Eider Zubeldiak lehenengo aldiz parte hartu du ere, eta oso pozik sartu da helmugan. «Ez nuen espero bigarren egitea. Maila zegoela ikusi dut, eta egin duen beroarekin beldurra ematen zidan gehiegi estutzeak. Ikusi dudanean bigarren bukatu dudala oso pozik bukatu dut». Jendearen aldetik sekulako giroa egon dela esan du: «Gainera ni hemen ingurukoa izanda, jende askok animatu nau, eta horrek beti igotzen du animoa eta asko eskertzen da». Gustura dago egiten ari den denboraldiarekin; besteak beste, orain gutxi Lakunza-Aralar mendi lasterketa irabazi du, eta bigarrena izan da Mendaroko Kilimon Trail lasterketan.
Gizonezkoak
- Josu Urrestarazu (Idiazabal) 2.14.14
- Xabat Maiotz (Segura) 2.17.17
- Iñigo Leiza (Hernani) 2.18.24
Emakumezkoak
- June Agirrezabalaga (Zarautz) 2.39.32
- Eider Zubeldia (Amezketa) 2.41.21
- Leire Elola (Tolosa) 2.42.23