Beroari aurre egin diote mendi lasterkariek, eta T3T maratoiaren 42,8 kilometro eta 2.878 metroko desnibel positiboa gainditu dute. Azkarrenak Anartz Artola hernaniarra eta Eneritz Aramendi azpeitiarra izan dira. Artolak aurretik bi alditan izena emanda zuen T2T lasterketan, baina lesioengatik ezin izan zuen parte hartu. Oraingoan T3T maratoian eman zuen izena, eta garaipena lortu du. «Taldekako Euskadiko Txapelketa zegoenez jokoan hartu dugu parte. Banekien plaza handia zela, eta oso gustura lortutakoarekin», esan du irabazleak. «Taldekako txapelketa izan ez balitz, 18. edo 19. kilometroan pare bat buelta eman buruari eta karrera utziko nuela. Hasieran pila bat gozatu dut, baina 20. kilometrotik aurrera buruan aurkako lasterketa bat izan da. Hau lortu badut taldearengatik izan da». Artolak uste du aurten fisikoki eta batez ere psikologikoki salto bat eman duela: «Horrelako karreretan burua ez baduzu bere lekuan, kalitate asko izan arren, ez duzu asko egiten. Egia esan gaurkoa handia izan da; gutxi gozatu dut karrerarekin, baina oso harro nago lortu dudanarekin». Beroa ondo toleratzen duen korrikalaria dela esan du, baina gaur asko sufritu duela esan du: «Asko hidratatzen saiatu naiz, baina hala ere horrelako beroarekin gutxi izaten da. Denentzako egin du beroa, beraz, aitzakiarik ez dago horretan».
Lehenengo aldiz parte hartu du Eneritz Aramendik T3T maratoian. «Gogoa nuen; beti izan da lasterketa helburu bezala jarri nahi nuena, eta aurten taldekako Euskadiko Txapelketa tokatu da, eta horrek bultzatu nau». Ez zuen irabaztea espero: «Atera naiz inongo aurreikuspenik gabe. Gainera, ikusita zer bero egiten zuen, eta ni beroa ekiditen saiatzen naizela... Baina ondo erantzun dit gorputzak, eta pozik». Proba polita dela dio: «Hernio gehien gustatzen zaidan mendia da, eta egia da ez dudala bero onekin nahi bezala gozatu Hernio igotzen, baina karrera ederra izan da». Erroizpe/Larten ez zihoan lehen postuetan, eta ez zuen erreferentzia handirik lasterketaren egoeraz. «Ikusten nuen oraindik asko falta zela, eta erregulatzen joan naiz. Ondo sentitzen nintzen, eta pixkanaka aurrean nituen neskak harrapatzen joan naiz lehenengo jarri arte».
Hirugarren aldiz parte hartu du Aitor Sanchez ibartarrak proban: «Ez da denbora onena izan, baina gaurko baldintzetan ez zegoen gehiago eskatzerik. Dena eman dut, eta hanketan ez zegoen gehiago». Beroarengatik «oso gogorra» izan dela esan du: «Lehenengo jaitsieratik babekin, izerdi asko, eta bizirautea izan da. Psikologikoki aguantatu, ura burutik behera bota, buffa izotzarekin... Hemengoa izanik abantaila horiek ditugu, eta uste dut horrek ere eragin duela». Duela bi urte ere izan zen Tolosaldeko lehenengoa, eta aurtengoan ere gustura hartu du postu hori. Orokorrean bosgarrena izan da Sanchez.
Irene Iturria bidaniarra eskualdeko lehenengoa izan da, eta bederatzigarrena sailkapen orokorrean. «Lehenengo zatia Irura arte ondo joan da, baina gero Alkizaraino asko kostatu zait. Beroak eragin dit, gorputzari ezin nion buelta eman, eta burutik pasa zait erretiratzea. Alkizako anoagunean geratu egin naiz, ur pila bat edan dut, pixka bat freskatu, eta gorputzari buelta eman diot». Bere erritmoan jarraitu du, eta azkenean nahi ondo amaitu du. Bigarren aldia izan du T3T maratoian.
Taldekako Euskadiko Txapelketa izan da jokoan lasterketan, eta emakumezkoetan Soronea-Ammma CMO Valves taldeak irabazi du. Talde bakoitzetik lau lasterkarik bukatu behar zuten proba, eta bera izan da bakarra baldintza horiek bete dituena. Gizonezkoetan osatu da podiuma, eta lehenengo postua Aiaramendik lortu du, bigarrena Zanpatuzek, eta hirugarrena Alpino Uzturre izan da.
Gizonezkoak
- Anartz Artola (Hernani) 4.15.40
- Jon Durana (Orduña) 4.17.21
- Ander Iñarra (Lezo) 4.17.44
Emakumezkoak
- Eneritz Aramendi (Azpeitia) 5.24.51
- Maddalen Jimenez (Bera) 5.28.16
- Irati Ortiz de Anda (Lezama) 5.30.29
Tolosaldeko lehenengoak
- Gizonezkoetan: Aitor Sanchez (Ibarra) 4.39.40 –sailkapen orokorrean bosgarrena–
- Emakumezkoetan: Irene Iturria (Bidania-Goiatz) 5.49.42 –sailkapen orokorrean bederatzigarren–