Tolosako San Joan jaiak 2026

Festaren aurretik, kirola

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko ekainaren 13a

Herriko klubek antolatuta, igeriketa, eskubaloi, futbol eta xake txapelketak egiten ari dira Tolosan. Beroa dela eta, izerdia erruz ari dira botatzen.

Tolosako San Joan jaien atarian kirol lehiaketa ugari izaten dira, batez ere, gaztetxoenak, eta goizean, igeriketa, eskubaloia, futbola eta xakea izan dira protagonista.

Igeriketa

Gaur hasita, eta asteburu osoan zehar, alebin eta infantil mailako Gipuzkoako Igeriketa Txapelketa ari dira jokatzen Usabal kiroldegiko igerilekuan. Goizez eta arratsaldez izango dira kanporaketak eta finalak. Lurralde osoko taldeak ari dira parte hartzen, baita Tolosaldea IKT kluba ere. Guztira, eskualdeko 33 igerilarik parte hartuko dute txapelketan. Lehiaketa dela eta, barruko igerilekua itxita egongo da asteburu guztian zehar.

Eskubaloia

Kiroldegi berean, baina kantxetan, Tolosa CF klubeko eskubaloi sailak antolatuta, XVII. San Joan Txapelketa jokatu dute. Infantil mailako nesken eta mutilen txapelketa bana jokatu dute, eta lau taldek parte hartu dute: Tolosa CF, Leizaran, Urola eta Uharte. Lau taldeek elkarren aurka jokatu dute.

Futbola

Tolosa CF klubeko futbol sailak, berriz, 11. Urtzi Gurrutxaga Oroimenezkoa futbol txapelketa antolatu du, eta egun guztian zehar ari dira jokatzen Berazubin. Alebin mailako 12 talde ari dira parte hartzen, eta horietatik, lau eskualdekoak dira: Tolosako Tolosa CF, Urdiña Txiki eta Tolosana, eta Alegiako Intxurre. Gainerakoak, Reala, Euskalduna, Ordizia, Beasain, Lazkao, Zarautz, Behobia eta San Martzial dira. Hiru multzotan banatu dituzte taldeak, eta goizean, multzoen faseko partidak jokatu dituzte. Arratsaldean, berriz, Liga eta Kopa kategorietako kanporaketak eta finalak jokatuko dituzte. Finalak 17:00etan eta 17:45ean izango dira.

Xakea

Azkenik, Tolosako Enroke Xake Klubak antolatuta, III. San Joan Xake Txapelketa jokatzen ari dira Trianguloa plazan. Bi kategoriatan banatu dute. Goizean, adin guztietako jokalariek jokatu dute, suitzar sisteman, bederatzi txandatan. Guztira, 66 lagunek parte hartu dute. 16:00etatik aurrera, berriz, 14 urtez azpikoen txanda izango da. Sei txandako txapelketa egingo dute, eta joko erritmoa 5+3 minutukoa izango da.

 

Erlazionatuak

Erruz bota dute izerdia

Josu Artutxa Dorronsoro eka 13, 15:00 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!