Aldaketak izango dira Tolosako trafikoan, asteburuko kirol ekitaldiak medio

Ataria 2026ko ekainaren 12a

Larunbatean, 3x3 saskibaloi txapelketa dela eta, San Frantzisko pasealekuaren zati bat itxita egongo da ibilgailuentzat. Igandean, mozketa laburrak egingo dituzte T2T eta T3T mendi lasterketengatik.

San Joan jaien aurretik, jai giroa pizteko ekitaldiak izango dira asteburuan Tolosan, batez ere, kiroletakoak. Horietako zenbaitek eragina izango dute trafikoan.

Batetik, bihar arratsaldean, 3x3 saskibaloi txapelketagatik, ezingo da aparkatu San Frantzisko pasealekuaren lehen erdian, elizatik Gernikako Arbola lorategietaraino. 15:00etan moztuko dute zirkulazioa. Txapelketak iraun bitartean, Soldadu eta Rondilla kaleetatik datorren trafikoa Zumalakarregi pasealekutik bideratuko dute. Pasealeku horretan ere ezingo da aparkatu, eta noranzko bakarra izango du, Trianguloa plazatik Zubiberri alderakoa, hain zuzen, eta ezingo da bertan aparkatu. Kontrako bidea garajeetara joateko soilik baimenduko dute.

Autobus zerbitzuan ere eragina izango du. 14:00etatik aurrera, bertan behera geratuko dira Rondilla kaleko eta San Frantzisko eliza atariko geltokiak, eta Santa Klara kalean geldituko dira autobusak. Hiribusa izango da salbuespena: Rondilla kaletik joango da.

Igandean, berriz, T3T eta T2T mendi lasterketak izango dira, eta mozketa laburrak egingo dituzte, bai irteeran, bai korrikalariak iristen diren heinean. Denbora motzeko etenak izango dira.

Obrak trenbidean

Bestetik, astelehenean, zaraten aurkako babes akustikoak jartzeko lanekin hasiko da Adif trenbidearen inguruan. Bi aste inguruko obrak izango dira. Gauez lan egingo dute San Estebango anbulatorioaren inguruan, tren geltokiaren ondoan. Obrek eragina izango dute kale hauetan: Batxiller Zaldibia, San Joan, San Esteban eta Alliri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!