130.000 euroko diru laguntza, etxebizitza arlorako

Ataria 2026ko ekainaren 11

Alokairua ordaintzeko diru laguntza izango da bat, eta bestea, etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu sozialean jartzekoa. Ekainaren 15ean zabalduko da laguntzak eskatzeko epea, eta hilabetez egongo da irekita.

Etxebizitza arloko diru laguntzen bi deialdi zabalduko ditu Tolosako Udalak. Batetik, herritarren etxebizitza-sarbidea erraztekoa; bestetik, alokairuko merkatua eskuragarriago egiteko. Guztira 130.000 euro bideratuko ditu bi deialdiak finantzatzera. Eskaerak egiteko epea ekainaren 15ean zabalduko da, eta hilabetez egongo da zabalik, uztailaren 15era arte. Udate herritarren arreta zerbitzuan edo udalaren egoitza elektronikoan egin behar dira eskaerak.

Lehen lerroa Tolosan ohiko bizilekua duten alokairudunei laguntzeko izango da. 90.000 euro bideratuko ditu udalak. Baldintza hauek bete behar dira: Tolosan erroldatuta egotea, etxebizitzarik ez edukitzea jabetzan, Etxebiden izena emanda egotea eta beste erakunde batzuetatik helburu bererako diru laguntzarik ez jasotzea. Horiek betetzen dituzten herritarrek hilean 300-350 euroko laguntza jasoko dute.

Bigarren lerroan 40.000 euroko diru-partida jarri dute, etxebizitza hutsak eraberritzeko eta alokairu sozialera bideratzea sustatzeko. Funts hori agortuz gero, beste 40.000 euro gehituko dituzte. Diru laguntza horien bidez finantzatuko dituzte Alokabideren azken txosten teknikoan jasotako eraberritze-lanak, betiere obrak 2025eko irailaren 1etik 2026ko uztailaren 15era bitartean eginak badira, eta zenbateko hauekin: Alokabidek eskatutako obraren kostuaren % 50, gehienez, 6.000 euro; Alde Zaharreko etxebizitzen kasuan, 12.000 eurora iritsi daiteke. Neurri honen bidez, udalak etxebizitza hutsen erabilera sustatu nahi du, eta herrian alokairu sozialeko eskaintza handitzen lagundu.

Ander Figuerido hirigintza eta etxebizitza zinegotziak lerro hauen garrantzia nabarmendu du: «Bat egiten dute 2025ean onartutako Etxebizitza Planarekin». Halaber, dei berezia egin du etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu sozialera bideratu ditzaketen herritarrentzat: «Laguntza berezi honekin etxebizitzaren birgaitzean jauzi bat eman dezaten animatu nahi ditugu. Udalak ematen dituen berme guztiekin egin ahal izango da prozesua».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!