Alderdi jeltzaleak Eusko Jaurlaritzak Tolosaldeko ospitale berrirako eramandako erantzuna txalotu du: «Urkullu lehendakariak, bere garaian, eta egungo Pradales lehendakariak publikoki adierazi dute Tolosarako eta Tolosalderako proiektu estrategiko horrekin duten konpromisoa. Alberto Martinez Osasun sailburua hainbat aldiz izan da gure udalerrian, eta aurrerapenak nabarmenak izan dira».
Osakidetzak ospitalearen plan funtzionala eta eraikuntza-proiektuaren idazketa onartu dituela, eta hori gauzatzeko beharrezko finantzaketa bermatu duela gaineratu du. « Ospitalearen eraikuntzak eskualdearen helburu historiko bati erantzuten dio: Osakidetzan erabat integratutako osasun-zentro bat izatea, euskal osasun-sistema publikoak zuzenean kudeatua eta Gipuzkoako asistentzia-sare aurreratuenarekin eta Donostiako Unibertsitate Ospitalearekin konektatua».
Era berean, ospitaleak zerbitzu zorro zabala izango duela esan du, eta horrela bermatu ahal izango dela osasun arreta integrala, hurbila eta kalitatezkoa. «50 kanpo-kontsulta, kirurgia txikiko hiru gela eta espezialitate medikoak (kardiologia, neurologia, ginekologia, traumatologia edo barne-medikuntza, besteak beste) izango ditu. Halaber, erradiodiagnostikoko zerbitzu moderno bat izango du, erresonantzia magnetikoa, TAC, ekografia eta erradiologia konbentzionala izango dituena. Instalazioek honako hauek ere izango dituzte: lau ebakuntza-gela, endoskopia-unitatea, eguneko ospitale medikoa, laborategia, farmazia, errehabilitazioa, etxeko ospitalizazioa eta larrialdietako basea».
Ospitaleak 90 ohe izango dituela ere gogoratu du, larrialdietako zerbitzu bat izango duela, triajerako, kontsultetarako eta behaketarako eta suspertzeko gunearekin.
EH Bilduren ezusteko jarrera
Herritarren gehiengo zabal batek proiektua pozik hartu duela dio, «oso errotuta dagoen aldarrikapen bati erantzuten diolako», eta EH Bilduren jarrera txarretsi du: «Interes orokorraren arabera proiektua aurrera egiten ari zela zirudienean, EH Bildu ezusteko jarrera aldaketa batekin azaltzen da. Orain zalantzan jartzen dute orain arte defendatzen zutena. Aurrerapentzat zeukatena, gaur egun badirudi ez zaiela balio.
Izan ere, eskualdeko alkate batzuk etorkizuneko Tolosako Ospitale Publikoa zentro soziosanitario soil gisa aipatzen hasiak dira. Erabilitako hitzek beti daukate atzean intentzio bat. Proiektuaren eraikuntza eta finantzaketa publikoa bermatuta daudenean, berriz ere konfrontazioaren alde egiten dute. Badirudi, helburua, bideratuta zegoen eztabaida bat irekita mantentzea dela, eta osasuna bezalako gai garrantzitsu bat higadura politiko eta elektoraleko tresna bihurtzea».
Gaineratu du paradoxikoa dela Tolosa eta Tolosaldeko eskaera historiko bat konpontzetik zenbat eta gertuago egon, «batzuk orduan eta gehiago ahalegintzea gatazka elikatzen». «Konponbidea zenbat eta hurbilago egon, orduan eta erosoago sentitzen dira sektore jakin batzuk etengabeko polemikan.
EH Bilduk etorkizuneko ospitalearen aurkako higadura kanpaina bati ekin dio, dokumentazio ofizialean agertzen ez diren terminoetara joz eta Tolosako anbulatorioaren etorkizunari buruzko funtsik gabeko zalantzak sortuz. Helburua argia dirudi: herritarren artean ziurgabetasuna eta mesfidantza sortzea. Kezkagarriena da estrategia horrek kalte egin diezaiekeela Tolosari eta eskualde osoari».
Tolosaldeak ospitale publiko moderno bat izateko aukera historikoa dela esan du, eta Tolosako EAJren konpromisoa irmoa dela esan du: «Proiektu hau blokeatzen edo atzeratzen saiatzen direnen aurrean, lanean jarraituko dugu Osakidetzaren eskutik, Tolosako ospitale publiko berria lehenbailehen errealitate izan dadin».