Etxebizitzari buruzko solasaldia egingo dute asteartean, Uzturre Foroan

Ataria 2026ko ekainaren 11

Uzturre Foroak urrian egin zuen Alberto Martinez osasun sailburuaren solasaldiko irudia.

Jose Garcia Montalvo eta Santi Peñalba izango dira hizlariak, eta Itsaso Anduezak gidatuko du saioa; 19:00etan izango da, Topic museoko antzokian.

Uzturre Foroak Etxebizitza nere gordintasunean: analisi serioa eta irtenbide errealistak solasaldiarekin emango dio amaiera udaberriko ekitaldi-egitarauari. Datorren asteartean izango da, 19:00etan, Topic museoko antzokian. Jose Garcia Montalvo eta Santi Peñalba izango dira hizlariak, eta Itsaso Andueza Euskadiko Gazte Kontseiluko presidente ohia eta lankidetza teknikariak gidatuko du saioa; galdera-erantzun formatuko elkarrizketa egingo dute. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Montalvo ekonomian doktorea (Harvardeko Unibertsitatea), Pompeu Fabra Unibertsitateko katedraduna eta Mundu Bankuaren aholkularia da; Peñalba, berriz, arkitektoa, hirigintzan espezialista eta Euskal Herriko zenbait herritan –Tolosan, esaterako– hirigintza antolamendu planen idazlea da. Antolatzaileek esan dutenez, «adituak eta etxebizitzaren gaia jorratzeko autoritatez beteak» dira.

Etxebizitza arazoaren aurrean, azterketak eta erantzunak lortzea da solasaldiaren helburua. «Batetik, arazoaren konplexutasuna ulertzea nahi dugu; eta bestetik, dauden alternatibak ezagutzea. Hori guztia irizpide batekin: azterketa zorrotzaren eta proposamen bideragarrien bilaketa», adierazi du Uzturre Foroak.

Hori dela eta, etxebizitzaren arazoa ikuspegi bikoitzetik jorratzea proposatu die hizlariei. Batetik, Montalvori arazoaren konplexutasunaren eta errealitatearen eta bere irtenbide posibleen ikuspegi europarra, estatala eta bertakoa eskatu diote. Peñalbari, berriz, begirada lokala iradoki diote, bai diagnostikoan bai proposamenetan, eta hiru esparrutan: Gipuzkoa, Tolosa eta Tolosaldea. Tolosaren kasuan, ikuspegi bikoitzarekin. Batetik, aurreikusitakoari eta proiektatu ahal izango litzatekeenari buruzko ikuspegi orokorra, eta bestetik, San Esteban auzoaren aukerak eta potentziala azpimarratzea.

Antolatzaileek nabarmendu dute foroaren helburua dela gizartearen gaur egungo erronkak eta lehentasunak jorratzea. Duela hilabete batzuk osasunaren eta haren etorkizuna Tolosaldean jorratu zuten, eta orain etxebizitzaren gaiari buruz ariko dira. «Etxebizitzaren prezioa eta eskasia zeharkako arazoak dira. Errealitate honi, Tolosaren kasuan, lurraren urritasuna gehitu behar zaio, gure herriko muga orografikoengatik. Nolanahi ere, konplexutasun honek ez du alternatiba eza esan nahi. Solasaldi honen helburuetako bat, hain zuzen ere, etxebizitza gaietan argi piskat ezarri dezaketen orientazio-erreferentziak ematea da».

Astearteko saioaren kartela:

Uzturre Foroko Adiskideak

Uzturre Foroak Uzturre Foroko Adiskideak figura sortu zuen duela hilabete batzuk. Uzturre Foroko Adiskidea izateak ez du inolako kuota-ordainketarik suposatzen. Ekonomikoki lagundu nahi duenak geroago sortuko den Bazkide figura bidez egin ahal izango du. Uzturre Foroko Adiskideak izatea nahi duten pertsonek webgunearen bidez egin dezakete. Ekainaren 16ko ekitaldian informazio-diptikoak banatuko dituzte, nahi duenak izena emateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!