Tolosa CFk laugarren amaitu du erregional ohorezko mailan

Imanol Garcia Landa 2026ko ekainaren 11

Futboleko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea izan den Josu Ibarbiak esan du denboraldia «oso positiboa» izan dela.

Futboleko Tolosa CFko erregional ohorezko taldeak laugarren amaitu du liga. «Denboraldi oso positiboa izan da, oso baikorra», esan du Josu Ibarbia ibartarrak, amaitu den denboraldian entrenatzailea izan denak. «Hasieran ondo aritu ginen, gero beheraldi bat izan genuen, baina bigarren itzulia zoragarria izan da, hamazazpi partidetatik bakarra galdu dugulako. Talde oso gogorren aurka irabazi egin dugu, eta taldeak maila handia eman du». Ibarbiak gaineratu du taldeak pauso bat aurrera eman duela talde moduan, eta baita jokalari bakoitzak ere.

Hirugarren Mailara ligako irabazlea igotzen da, eta bigarrenak igoera fasea jokatzeko aukera du. Tolosa CFk 57 puntu lortu ditu ligan, 15 partida irabazi, 12 berdindu eta 7 galdu ondoren. «Helburua ez zen igotzea, batez ere jokalari oso gazteak zirelako. Esaterako, jubeniletatik sei edo zazpi jokalari igo ziren, maila ikaragarria eman dutenak», esan du Ibarbiak. «Helburua taldea eraikitzen joatea zen, hazten joatea, urte batzuetara ahalik eta ondoen prestatuta egoteko. Helburu horiek soberan bete direla esango nuke, bai taldeak hobekuntza egin duelako, eta baita jokalariek ere». 

Ohorezko erregional mailan talde bakoitzak «ilusio handia» izaten duela dio Ibarbiak. «Guztiak ahalik eta ondoen prestatzen saiatzen dira. Niretzako erronka handia izan da talde lehiakorra osatzeaz gain, talde gogorren aurka emaitzak atera eta maila ona erakustea».

Lehenengo urtea izan du Ibarbiak senior mailako talde bat entrenatzen, eta «izugarrizko ikaskuntza» izan da berarentzat: «Egunerokotasunetik hasita, ikaragarri ikasi dut eta hazi naiz. Entrenatzaile bezala konfiantza hartzeko, eta futbola beste modu batera ikusteko balio izan dit, eta alde horretatik oso eskertuta sentitzen naiz klubak eman didan aukerarengatik».

Datorren denboraldirako Eneko Martija tolosarra izango da entrenatzailea. Ibarbia, bestalde, Antiguoko klubeko ohorezko mailako jubenilen taldeko bigarren entrenatzailea izango da. «Oso motibagarria da niretzat. Unai Gazpio da lehenengo entrenatzailea; hamar urte egin ditu Realean, eta asko daki. Niretzat, gaztea izanik eta ikasteko gogoz nagoela, aukera paregabea da», esan du ibartarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!