Jendeak osatzen duen Zerkausiko korridorea igarotzeko prest

Imanol Garcia Landa 2026ko ekainaren 10a

Igandean izango dira T3T maratoia eta T2T mendi lasterketa, Tolosako Trianguloan hasi eta bukatuta . Ibilbidearen azken metroetan harrera beroa egiten diete mendi lasterkariei.

T3T maratoia eta T2T mendi lasterketa igandean izango dira jokoan. Maratoiak bere 11. aldia du, eta proba motzak bederatzigarrena. «Ekaina iritsi da, eta gu bagatoz, azken 11 urte hauetan bezala», esan du Iñaki Insausti antolakuntza taldeko kideak. 350 parte hartzaile izango dira T3T proban eta 475 T2Tn.

Hain justu, T2T probako izen ematean, ikusirik plataforma kolapsatu egiten zela, zozketa egitea erabaki zuten antolatzaileek. «Erabaki genuen zozketa horretara izena emandako emakume guztiei preferentzia eman eta dortsala ziurtatzea, horregatik kritikak jaso arren. Guztira 139 ziren, eta beste edizioetan bezala emakumeen parte hartzea % 25aren inguruan geratzen da kopuru horrekin». Itxaron zerrenda bat zabaldu zen, 200 partaidekoa, eta jendearen bajen ondoren itxaron zerrendari buelta eman, eta denek aukera izan dute parte hartzeko.

Maratoian pixkana joan ziren lasterkariak izena ematen, eta hor zozketarik ez zen izan. Emakumezkoen parte hartze hartzea % 10-15 artean izango da. «Nahiz eta aurten T3Tn Euskal Herriko Taldekako Txapelketa izan jokoan, laurdenera ez da iristen emakumeen parte hartzea», esan du Insaustik. «Gurean beti gertatu izan da T2T proban emakumezkoen parte hartzearen portzentajea handiagoa izatea, eta ez dakit zein den arrazoia. Hemen inguruan lasterketa gutxi izango dira kopuruak berdintzen direnak».

Insaustik aipatu moduan, kluben arteko Euskal Herriko Txapelketa izango da jokoan T3T proban. Taldeak lau partaidekoak izan behar du gutxienez, eta lehenengo lau partaideen emaitzak hartzen dira kontuan sailkapena osatzeko.

Noranzko aldaketa

2015ean hasi ziren T3T maratoiarekin, eta hirugarren ekitaldian lehenengo eboluzioa sartu zuten: T2T proba. 2022an pentsatu zuten proben noranzkoa urte batetik bestera aldatzea. «Badaude hainbat proba ezagun urtero noranzkoa aldatu egiten dutena, eta guk ere pentsatu genuen gauza bera egitea, jendeari berriro ere ilusioa pizteko», esan du Insaustik. Aurten noranzkoa aldatzea tokatzen da, eta, beraz, erlojuaren kontrako noranzkoan egingo da: T3T maratoikoek Erroizpe/Larte, Uzturre eta Hernio pasatuko dituzte hurrenez hurren, eta T2Tkoek Erroizpe/ Larte eta Uzturre. «Jendearengan sentsazio ezberdinak pizten ditu beste noranzkoan korrika egiteak».

Trianguloa plaza izaten da leku estrategikoa. «Bertan elkartzen da jende andana, eta lasterketaren eta festaren zentroa da. Bizipen gehien biltzen dituen lekua da. Zerkausia kaleko iritsiera ere oso berezia izaten da». T3Tko parte hartzaileak, Tolosara iristean, kultur etxetik zuzenean Trianguloa plazara iritsi ordez, aurten Alde Zaharrera sartuko dira pixka bat, eta horrela Zerkausi kaleko iritsiera bizitu ahalko dute. «Lasterkariei gustatzen zaie Zerkausi kalean sortzen den jendearen korridore hori. Beraz, 150 metro luzatu dugu lasterketa», esan du Insaustik.

Bi probak desnibelaren aldetik «gogorrak» direla zehaztu du, eta zailtasun tekniko aldetik «maila ertainekoak». T3T maratoiaren noranzko honetan gizonezkoetan Robert Pkemboik jarri zuen marka hiru ordu eta 56 minuturekin, eta Insaustik ez du uste aurten norbaitek hori hobetuko duenik. «Ez dago bere mailakorik aurtengoan. Robert Pkemboik munduan zehar lasterketak irabazten ditu. Uste dut 4 ordu eta 10 minuturen bueltan ibili daitezkeela, baina ez dut uste inork lau orduko langa botako duenik. Emakumezkoetan posible da hobetzea». T2T lasterketan antzeko iritzia du: «Emakumezkoetan nahiko ziurra da marka hobetu daitekeela, eta gizonezkoetan ez dira urruti ibiliko, baina ikusi egin behar da». Markak egiterakoan kontuan izan behar da ibilbidea nola egongo den, hau da, lehorra egongo den edo lokatza izango duten bidelagun.

Probetan aurreko postuetan egon daitezkeenen hainbat izen eman ditu Insaustik. Maratoi distantziako proban gizonezkoetan Beñat Ibañez, Ander Iñarra, Iñaki Olano, Anartz Artola, Hassan Ait Chaou, Endika De las Heras, Iraitz Legorburu, Ander Amonarriz, Sergio Oliveri eta Jon Durana aipatu ditu. Emakumezkoetan Sarah Ugarte, Itxaro Zabaleta, Amagoia Iribar, Sara Gutierrez, Oihane Unzalu, Irati Ortiz de Anda, Itziar Oteiza, Maialen Artiach, Larraitz Aragon eta Ainhoa Intxausti. T2T lasterketari dagokionez, emakumezkoetan Ainhoa Garikano, June Agirrezabala, Irati Larrañaga, Leire Elola, Eider Zubeldia eta Enara Agote aipatu ditu, eta gizonezkoetan Amets Aranberri, Asier Artola, Ibai Makazaga, Iker Ezeiza, Josu Urrestarazu, Jokin Tolosa eta Aitor Regillaga.

Autobusa Elduainera 

Aurten berritasuna Elduainera joateko autobusa da. «Trafiko arazoa sortzen da bertan, eta Tolosako Udalarekin egindako hitzarmenarekin autobus bat jarri dugu jendearentzat, eta animatu nahi dugu garraio hori erabiltzera, guztiontzat mesedegarri izango delako», esan du Insaustik. Trianguloa plazatik 09:00etan abiatuko da, eta 12:00ak arte itzuliak egingo ditu etengabe Tolosa eta Elduain artean. Zerbitzua doan izango da.

Antolakuntza taldean hamabi pertsona elkartzen dira. «Hasi ginenetik aldaketa batzuk izan dira taldean, batzuek utzi egin dutelako, eta jende gaztea ere sartu delako», esan du Insaustik. «Hain justu, erronka hori zen, gazteak sartzea. Nekea pilatzen da, eta errelebo bila hasi ginen eta gazte kuadrilla bat topatu genuen laguntzeko prest». Boluntarioen lana ezinbestekoa dela nabarmendu du: «Beti esan izan dut boluntariorik gabe lasterketa hauek ez zutela etorkizunik izango. Urte batzuetan boluntarioak topatzea gehiago kostatzen da, eta aurten horrela izaten ari da». Hain justu, oraindik boluntario gutxi batzuk behar dituzte, eta borondatea duenak antolakuntzarekin harremanetan jarri daiteke sare sozialen bidez.


Datuak

T3T MARATOIA 

  • Hasiera. 08:45.
  • Ibilbidea. Tolosa, Erroizpe/Larte, Uzturre, Hernio eta Tolosa.
  • Ezaugarriak. 42,8 kilometro eta 2.878 metroko desnibel positiboa.
  • Markak. Gizonezkoetan Robert Pkempoi 3.56.32ko denborarekin, eta emakumezkoetan Mayi Mujika 4.54.14ko denborarekin.

T2T MENDI LASTERKETA

  • Hasiera. 09:30.
  • Ibilbidea. Tolosa, Erroizpe/Larte, Uzturre eta Tolosa.
  • Ezaugarriak. 24,4 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positiboa.
  • Markak. Gizonezkoetan Oier Ariznabarreta 2.06.34ko denborarekin, eta emakumezkoetan Maialen Muñoz 2.38.17ko denborarekin.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!