Tolosako Udaleko dantza ikastaroetako ikasleek Gure Vintage Zirkua emanaldia egingo dute larunbatean, Leidorren. Bi saio izango dira: 12:00etan, lau eta zortzi urte bitarteko ikasleena; 18:00etan, berriz, zortzi urtetik gorakoena.
Balleta eta dantza garaikidea irakasten dizkiete dantza ikastaroetan. Katixa Perea dantzari tolosarrak koordinatzen ditu ikastaroak, eta aurreratu duenez, larunbatean garai bateko zirkuko pertsonaiak irudikatuko dituzte ikasleek, hala nola pailazoak, orekariak, dantzariak eta magoak. «Atzera buelta egiteko saiakeragatik jarri diogu vintage izena», azaldu du Pereak.
110 ikaslek dantzatuko dute emanaldietan. Goizeko saioan 71 izango dira, eta arratsaldekoan 88; ikasle batzuek bietan parte hartuko dute. Pereak, ordea, nabarmendu du hiru besterik ez direla mutilak. «Herren gaude. Balleteko errepertoriorako gehiago beharko genituzke, baina daukagun kopuruarekin moldatu behar izaten gara, ahal bada, koreografiak errepikatu gabe». Gaineratu du haur, nerabe eta gazteen aisialdirako eskaintza geroz eta zabalagoa dela, eta beraz, «betiko borroka» dela. Hala ere, «oso pozik» dago ikastaroetako kopuruekin.
Testuinguru horretan, «etxe guztietara iristen ez diren dantzak erakustea» da larunbateko saioen helburua. «Kontziente naiz oraindik lan handia dugula egiteko; oso ezezagunak gara. Hala ere, zenbaitek ez du inoiz balleta ikusi, eta, tarteka, zenbait komentario itsusi entzuten ditut. Horregatik, zer eta nola lan egiten dugun ikusteko aukera izango da».
Dantza, espresio mota bat
Lau irakasle aritzen dira ikastaroetan lanean: Itziar Urruzolak txikienei irakasten die, Borja Bordonabe zortzi urtetik gorako balleteko dantzarien arduraduna da, eta Nagore Tamayo eta Amaia Elizaran, hurrenez hurren, dantza garaikideko hastapeneko taldeko eta talde aurreratuko irakasleak dira. Laurek koreografia berriak sortu dituzte larunbaterako. Perea «oso pozik» dago duen lan taldearekin. «Kalitate goreneko irakasleak dira, pertsonalitate handikoak, eta sekulako lana egiten dute».
Ballet klasikoko obrak, neoklasiko kutsuko koreografiak edo dantza garaikideko teknikak eramango dituzte dantzariek Leidorreko oholtzara. «Askotan, ez da erraza garaikidea eta klasikoa emanaldi berean uztartzea», esan du koordinatzaileak. Baina horren gainetik, tolosarrak «espresioa» nabarmendu du. «Ezin dugu ahaztu dantza espresio mota bat dela, eta saiatzen gara ikuslearen bihotzeraino iristen».
Koordinatzaileak esan du ikasturtean zehar aritzen direla emanaldia prestatzen. «Udan hasten naiz hurrengo urteko saiorako lehen ideiak lantzen. Hala ere, zaila da urtero zerbait berria asmatzea». Horretarako, irakasleen laguntza izaten du. «Haiekin partekatzen dut lehen ideia. Gero, beti esaten diet askatasun osoa dutela koreografiak sortzeko, eta bitxia izaten da, akaso, nik buruan dudan ideia ez dutelako islatzen, edo beste modu batera egiten dutelako. Hala ere, beti errespetatzen dugu bata bestearen asmoa».
Konpromisoaren emaitza
Dantzari tolosarrarentzat «egun berezi eta polita» izaten da. «Ikasle ohi ugari joaten da emanaldia ikustera, eta zirrara eta inbidia sentitzen dutela esaten didate. Hunkigarria izaten da. Ikastaroetan dagoeneko ez dauden haurren gurasoak ere joaten dira saioak ikustera. Oso garrantzitsua iruditzen zait, zerbait egiten dugunaren seinale delako».
Perearen arabera, «dantzarekiko amodioak lotzen dituen pertsona askoren konpromisoaren emaitza» izaten da ikasturte amaierako saioa. «Irakasleen lana, gurasoen konpromisoa, soinu- eta argiztapen-teknikarien esku-hartzea eta ikasle ohien laguntza daude saioaren oinarrian».