Bi urtez behin, sanjoanen atarian, kontzertu berezia egiten du Tolosako Udal Musika Bandak. 2024an, esaterako, Sorotan Bele taldearekin batera, haien kantu ezagunenak interpretatu zituzten. Aurtengoa, larunbat honetan izango da, Euskal Herria plazan, 22:30ean. Denbora Band izena jarri diote, eta Euskal Herriko pop eta rock talde ezagunen kantuekin osatu dute errepertorioa.
Xabier Zabala musikari eta konpositoreak egin ditu bandarako moldaketak, eta kalitate handiko musikarien laguntza izango du bandak: Janus Lester taldeko Jabi Etxarri gitarra-jotzaile tolosarra, Sorotan Bele taldeko Ritxi Salaberria baxu-jotzaile hondarribiarra eta Vendetta eta Modus Operandi taldeetako Enrikko Rubiños bateria-jotzaile ibartarra. Bestetik, Demode Quartet taldeko Joli Paskualenak eta Iker Huizik jarriko diete ahotsa kantuei.
Idoia Balza bandako kideak azaldu du nola sortu zen ideia: «Xabierrekin harremanetan jarri ginen, ea zer material zuen jakiteko, eta proiektu hau proposatu zigun. Lehenago egina zuten Euskal Herriko beste banda batzuekin, eta asko gustatu zitzaigun. Partiturak eman zizkigun, eta guztia antolatzen hasi ginen». Azken asteetan musikari gonbidatuekin ari dira entseatzen.
Denbora gelditzeko gai
Musikaz gozatu bitartean, zenbait belaunaldi batuko dituen giro berezia sortu nahi dute antolatzaileek. «Denok noizbait gure egin ditugun doinuak entzungo dira, une bereziak gogora ekarriko dituztenak. Bidaia musikal bat izango da, azken 100 urteetako abesti ezagun eta esanguratsuenetan zehar», azaldu dute.
Musikak «denbora gelditzeko gaitasuna» duela nabarmendu dute musika bandako kideek. «Belaunaldiz belaunaldi igarotzen da, gure oroitzapenekin batera, eta urteak igaro arren, zirrara berdinak pizten ditu. Iraganeko kantuak gaur egunera heldu dira, eta gaur abesten ditugunak etorkizuneko oroitzapen bihurtuko dira. Kontzertu batean milaka ahots batera kantatzen hasten direnean, denok bihurtzen gara istorio beraren parte».