Beste urte batez, Tolosako Udalak bat egingo du ekainaren 28ko LGTBIQ+ kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Aldeko Nazioarteko Egunarekin, «herriak aniztasunarekin, eskubideekin eta bizikidetzarekin duen konpromiso berresteko». Ildo horretatik, urtero bezala, askotariko ekintzak biltzen dituen egitaraua antolatu dute herritarrentzat.
Ostegun honetan, Hodei Arrastoa aktore zizurkildarrak Hiruki Larroxa kolektiboarekin elkarlanean sortutako Zarata proiektua Tolosan izango da, zehazki, Trianguloa plazan. Egun osoan zehar egongo da. Goizean, Tolosako ikastetxeek izango dute aukera proiektua ezagutzeko. Arratsaldean, berriz, herritar guztiei irekiko dizkiete ateak, 16:00etatik 20:00etara. 45 minutuko ibilbide bat da. Beraz, bisita oso-osorik egiteko 19:00etan izango da azken aukera.
Arrastoak ibilbide sentsorial bat proposatzen du, eta bisitariek hamar artista euskaldunen kontakizunak entzungo dituzte: Xan Agirrezabala, Sambou Diaby, Telmo Irureta, Maider Lasa, Luix Mitxelena, Irene Mujika, Kimetz Renteria, Asier Rikarte, Nahia Sillero eta Garazi Urkola.
Zinegoak
Bestetik, ekainaren 17an (asteazkena), 19:00etan, Zinegoak jaialdiko film laburren saio berezia antolatu dute; Topic museoko antzokian izango da. Ekimen honen helburua da formatu txikiko zinemagintzaren bidez LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna sustatzea eta askotariko nazioarteko begiradak herritarrei gerturatzea.
Bertako nahiz nazioarteko film labur hauek proiektatuko dituzte:
- The Wind in Ash (Txina)
- Ferides / Born By Night (Katalunia)
- Delay (Txina-AEB)
- This feminine side (Portugal)
- Seuls les poissons morts suivent le courant / Only The Dead Fish Go With The Flow (Frantzia)
- Ultramarino (Euskal Herria)