Asuncion Klinikako langileek, LAB eta ELA sindikatuek deituta, agerraldia egin dute gaur goizean Tolosako Asuncion Klinikan. Agerraldian TOPA, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma ere izan da. Bertan, Tolosaldeko osasungintzaren etorkizunarekiko kezka agertu dute, eta Asuncion Klinikako langileen subrogazioa berehala gauzatzea eskatu dute.
«Itxaronaldi luze» baten ondoren, Tolosalderako aurkeztu den Plan Funtzionalak ez duela eskualdearentzat ospitale publiko bat aurreikusten egiaztatu ahal izan dutela esan dute agerraldian. «Aitzitik, bereizmen handiko zentro bat edo baliabide soziosanitario bat planteatzen dute». Eredu horrek eskualdeko herritarrek jasoko dituzten osasun zerbitzuak «nabarmen murriztea» ekarriko lukeela uste dute.
Zehaztu dutenez, planak ez ditu zehazten funtsezko hainbat alderdi, besteak beste, kontsulten ordutegiak, maiztasuna edota eskainiko den zerbitzua. «Ondorioz, ez dago inolako bermerik herritarrek behar dituzten osasun zerbitzu guztiak dituen arreta sanitario integral eta kalitatezkoa jasoko dutenik».
Era beren, esan dute ez dagoela Asuncion Klinikako langileen jarraipena bermatuta. «Izan ere, Plan Funtzionala kontuan hartuta, gaur egun bertan lanean ari diren 370 langile inguruk ez dute ziurtatuta euren lanpostua. Ez dugu ahaztu behar langile horietako askok urteak daramatzatela eskualdeko herritarrei funtsezko zerbitzu publiko bat ematen, kudeaketa pribatizatu baten barruan eta askotan prekarietate egoeretan. Gainera, Asuncioneko langileek urte asko daramatzate, herritarrekin batera, Tolosaldeko ospitale publikoaren aldeko aldarrikapenean».
Horregatik guztiagatik, LAB eta ELA sindikatuek Osasun sailburuari Asuncion Klinikako langile guztien subrogazioa eskatu diote; bestetik, Asuncion Klinika publiko egitea eskatu dute, dagoeneko existitzen diren instalazioak baliatuz eskualdeak behar duen osasun zerbitzua emateko; eta azkenik, ehuneko ehun publikoa izatea, zerbitzu guztiak eskainiz.
Langileen lan eskubideen alde eta Tolosaldeko herritarrek behar duten osasun publikoa, unibertsala eta kalitatezkoaren alde borrokan jarraituko dutela esan dute.