Amaitzear da 2025-2026 ikasturtea eskoletan, eta, ondorioz, heldu da irailaz geroztik egindako lana erakusteko unea. Herri askotan bezala, Tolosan, Garapen Jasangarriko Helburuak lantzen dituzte ikasleek ikasturtean zehar, Eskolako Agenda 2030 programaren bitartez. Tolosako Ingurumen Zentroak koordinatzen du proiektua, eta lau hezkuntza-komunitatek osatzen dute lantaldea: Samaniego, Orixe, Laskorain eta Herrikide.
Azken bi ikasturteetan mugikortasun jasangarria landu dute, hamaikagarren helburutik abiatuta (Hiri eta komunitate jasangarriak). Iaz, diagnostikoa egin zuten, eta aurten, hori kontuan hartuta, herrira begira jarri dira hainbat proiektu lantzeko. Egitasmoaren helburu nagusia da herrian mugikortasunari buruzko kontzientzia sortzea, eta ikastetxe bakoitzak bere ekarpena egin du.
Maiatzean egindako udal-foroan, ikasle ordezkariek udal ordezkariei aurkeztu zizkieten proposamenak. Bada, orain, herritarrekin partekatuko dituzte. Horretarako, esku-hartze azoka egingo dute asteazkenean. Trianguloan izango da, 10:00etatik 12:00etara, eta ikasle ordezkariak egongo dira bertan, herritarrei proiektuei buruzko azalpenak emateko.
Hauek dira landu dituzten proiektuak:
- Oinez eta bizikletaz ibiltzearen onurak eta Bizikidetzarako aholkuak.
- Lagunbusa: ikasle txikienak eskolara oinez joateko programa indarberritu, ospatu eta balioa eman.
- Irakasleak eskolara modu jasangarrian joatea sustatzeko kanpaina.
- Autobus publikoaren zuzeneko jarraipena egiteko telefono-aplikazioa.
- Zarata-neurgailuen diseinua.
- Bizikletak alokatzeko zerbitzu publiko baten diseinua.
- Iurramendiko bidegorriaren proiektua aztertu eta alternatibak landu.