UNRWA Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak bultzatutako Bakearen Aldeko Artibista Gazteak programan parte hartu du Tolosako Peñascal kooperatibak. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak laguntzen dute, eta hamabi ikastetxek hartzen dute parte. Helburua da Palestinako lurralde okupatuan okupazioak duen ingurumen-inpaktuari buruz hausnartzea eta gazteen konpromisoa sustatzea.
Hiru saiok osatutako prestakuntza prozesua izan dute ikastetxeetako ikasleek. Prozesu horretan, giza eskubideekin, justizia globalarekin, bakearen kulturarekin eta nazioarteko elkartasunarekin lotutako hainbat eduki landu dituzte. Prozesuari amaiera emateko, parte-hartzaileek saioetan zehar egindako hausnarketak, mezuak eta sorkuntza —altzairuzko olibondo baten forman— kalera eraman dituzte, herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin.
Ekintza hori gaur egin dute Tolosan, Ingurumenaren Mundu Egunarekin bat eginez. Peñascaleko Oinarrizko Lanbide Heziketako Soldadura graduko lehen mailako ikasleek Altzairuzko Sustraiak izeneko artibismo-ekintza gauzatu dute Trianguloan. Bi orduz, Tolosako herritarrek olibondora gerturatzeko, ikasleek egindako prozesua ezagutzeko eta konponketarekin, ingurumen-justiziarekin, lurraren defentsarekin eta palestinar herriarekiko elkartasunarekin lotutako mezuak, desirak eta hausnarketak gehitzeko aukera izan dute. Horrela, obra sorkuntza kolektibo eta bizia bihurtu da, berreraikuntzaren eta itxaropenaren ideia indartuz.
