Tolosako Udalak aurrera jarraitzen du Zumarditxikiko proiektuarekin. Espazio hori herriarentzako berreskuratzeko prozesua martxan jartzeko eginbehar nagusi bat dago: Alde Zaharreko eta Santa Klara inguruko bizilagunei aparkatzeko alternatiba eskaintzea. Izan ere, horiengan izango du eragin handiena eremuaren eraberritzeak; eremu horietan bizi diren herritarrak dira Zumarditxikian autoa aparkatu ohi dutenak.
Bada, udalak landu du aparkalekuaren arazoari irtenbidea emateko alternatiba, eta datorren asteazkenean, ekainak 10, aurkeztuko du. Bilera irekia egingo du Alde Zaharreko eta Santa Klarako bizilagunekin, 18:30ean, udaletxeko batzar aretoan, eta saio horretan emango ditu azalpenak.
Udalak aurreratu du alternatiba lantzeko, aurrez, herriko aparkalekuen eta bereziki Zumarditxikiko aparkalekuaren erabilerari buruzko «azterketa sakona» egin duela, udal teknikarien eskutik. Alternatiba osoaren berri emango dute, osatutako proposamenaren nondik-norakoak eta emaitza nagusiak azaltzeko. Proposamena, espreski, Alde Zaharreko eta Santa Klara eremuko bizilagunei zuzenduta dago, horiek izango direlako onuradun nagusiak.