Tolosako Ekinbide Etxeak eta Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak elkarlanean antolatzen duten ekimena da Maiatzeko doinuak. Aurten, bosgarren urtez egiten ari dira, eta maiatzeko lau igandetan kontzertu bana antolatu eta egin eta gero, etzidamu izango da azken emanaldia. Aurreko kontzertuen modura, Topic-en izango da, Antxon Elosegui antzokian, eta sarrerak Topic.eus webgunean eskuratu daitezke, 5 euroren truke.
Talde guztiak Musikeneko interpretazio klasikoko gradu eta masterreko ikasleek osatutakoak izaten ari dira. Igandean, aurten sortu den Hego Haizeak boskoteak egingo du kontzertua. Musikari hauek osatzen dute taldea: Ana Cubero (flauta), Alberto Martinez (tronpa), Joaquin Vera (klarinetea), Alazne Egileta (oboea) eta Martin Olmedo (fagota). Topic-eko saioan, Paul Taffanel musikagile frantziarraren eta Carl Nielsen konpositore danimarkarraren obrak interpretatuko dituzte.
Taldearen izena taldekideen nortasunetik sortu da. Taldea «topagune» bat dela esan dute, non askotariko ibilbideek bat egin duten. «Jaioterri desberdinetako musikariak gara, eta nahasketa hori Euskal Herrian elkartu da, elkarrekin lan egin eta kultura-ezagutza desberdinen energiaz baliatzeko. Talde gisa, interpretazio fresko eta hurbilaren aldeko apustua egiten dugu, gure gaztetasuna eta energia banderatzat hartuta», azaldu dute.